APAIZA EZ DA TXURREROA


Norbaitek hasi behar zuen eta Koldo Elizasuk altxa du eskua.

-- Iruditzen zait, Txanpainarekin bilatu behar dugula konponbide bat, esnearekin bezela. Bertako edaria ahal diagu hartu, Astigarraga ondoan zegok eta sagardoa askoz merkeagoa duk Txanpaina baino.

Ah zer saltsa antolatu duen Koldok! Bera da hemengo abokatua eta berak konponduko beharko du arazoa. Hiru edo lau eskatu dute hitza eta Itziarri eman diote mintzatzeko aukera.

-- Ondo iruditzen zaidak sagardoa ekartzea, gure edaria duk eta erreza ekartzen, baina Txanpaina ezinbestekoa duk, ezin duk ulertu Enparantza Txanpainarik gabe.
-- Neri ondo iruditzen zaidan planteamentua - Koldok jarraitzen du estabaida - baina hori dena nola ordaintzen dun?
-- Dirua ez duk arazoa Enparantzarentzat.

Jaun-Andreok sorgin beltzaranak aho zabalik utzi du Komite osoa. Alkateak oraindik ez du ahoa itxi. Denak gelditu dira harrituak eta bera ez da salbuespena izan.

-- Dirua ahal du arazoa izan Enparantzarentzat.

Bapatean atea ireki eta berehala itxi da. Pambaaaaaaaa!!! Hori da estanda hori! Enparantzako Apaiza eta Mari Karmen Arraras sartu dira inongo gonbidapenik gabe.
Ez dira etorri denbora pasatzera, Patxik presa handia du hitzegiteko eta ez du ezertxo ere dismulatzen.

-- Elizaren egoera ezin du horrela jarraitu. Egunero sekulako zakar pila ateratzen dugu, gero eta gehiago gainera. Guk arazo honi, soluzio bat exijitzen diogu.

Joxe Marik hitzegin baino lehenago, nahiago du erantzuna pentsatu.

-- Enparantza arazoz beteta dago eta iruditzen zait horrela jokatzea, ez dela egokia. Elizaren arazoa da beste arazo bat, beste bat gehiago. Bere momentuan saiatuko gara konpontzen.
-- Nola beste arazo bat gehiago – Patxi gorritu da ederki – guretzat sekulako arazoa da. Goizero goizero mila emakume behar ditut nik Eliza garbitzeko. Ezin da sinistu nola zikintzen duten zuhaitzak. Zenbat fruitu ustel, adar puskak, Eliza osoa ostos beteta, horrela ezin dugu jarraitu.
-- Momentuz horrela jarraitu beharko duzu. Emakume hoiek lan gehiago egin beharko dute. Guk ezin dugu gehiago egin.
-- Bai ahal duzue egin. Eman ehun miloi gehiago hilero. Dirua behar dugu beste mila emakume kontratatzeko.
-- Gauza bat esan behar dizut Patxi, Elizak ez dauka lehentasuna Enparantzan. Ba ditugu zoritxarrez beste zulo asko tapatzeko.


Apaiza lehen gorritua baldin bazegoen, oraingoan prejitu egin da.

-- Nik Elizaren atea tapatuko dut eta zuhaitzak ustelduko dira Enparantzan. Eliza ez da Enparantzarena eta ni ez naiz Txurreroa!
-- Ni bai naiz Txurreroa! Eliza, Enparantzarena da, Joxetxok, Altzako plaza osoa erosi zuen harrezkero. Orain bukatu da gaurko sesioa. Goazen Martini batzuk hartzera.

-------------------------------------------------------------------------------------------------
ZAZPIGARREN ATALAREN AMAIERA
hurrengo kapitulua : BERRIRO ITXAROPENTSU

KAIKU ESNEA



Eta nor da norbait hori? Bera, bakarra, Alkatea, Joxe Mari. Bordako monstruoa.
Ustegabean Komiteak bilera antolatu du. Derrigor zer edo zer egin behar dute eta ikusiko dugu, hemendik zer ateratzen den.
Joxe Mari indartsu ikusten dut. Berriro ere berak bultzatu beharko du Enparantzaren gurdia.

--Oraingoz bizi gaituk eta gu bizirik gaituken bitartean, Txurreroen Enparantza bizirik iraungo dik!!

Komitekoko kideak elkarri begira daude, nahiz eta oso pozik entzun Alkateak esan duena, badirudi zalantza asko daudela.

-- Gu biziko gaituk, sekula sekulorum – Esterrek, Enparantzako sikologak hartu du hitza – baina ze baldintzetan.?
-- Ze baldintzetan? Betikoak. Gure diruarekin Sozialismo Aberatsa eraikitzen, gure fruituekin jendea sendatzen, piku txuriarekin Hilezkortasuna oparitzen. Beti bezela, gure Zoriona merezi dutenekin konpartitzen.


Nahiz eta saiatu, Alkatea beti saiatzen da, gaur ez du lortzen Komitea berotzea. Oso aurpegi luzeak ikusten ditut nik. Normalean bi talde egiten dira Komitean, beti gertatu da horrela, baina gaur, ezta hori ere ez da berdin.
Ezer ez da berdin. Noiz falta izanda Komitearen bileran Txanpain frantsesa?
Noiz eseri dira bi taldekoek elkarrekin, normalki bakoitza eseritzen da bere lekuan.
Berdin da. Nahiz eta tristurak agindu Udaletxean, Alkateak bilera jarraitzea erabaki du.

--Egoera honi irtenbide bat aurkitu behar diogu, beraz, hartu diat lehendabiziko erabakia. Jarri behar diagu martxan Hilezkortasuna. Merkeago, hogeita bost mila milioi dolar.

Lehenengoa altxatzen Jexus Mari Mirasungoa izanda.

-- Nongo esnearekin pentsatzen duk Hilezkortasuna martxan jartzea?
-- Nere baserriko esnearekin. Konturatu nauk, hemengo esnea ere balio duela, zer edo zer nahastuta noski. Hori Ixabelek jakingo dik.

-- Zer edo zer nahastuta - Ixabel espabilatu da – laboratorioan froga batzuk egin beharko dizkiat. Eta ondo ateratzen baduk, esne asko beharko diagu, gutxienez Kaikuk diken esne kopuru osoa.
-- Beno, arazo bat gutxiago. Orain – Alkateak ez du sekula martxa galtzen – aztertu behar diagu Frantsesekin dugun zorra : larehun mila milioi dolar.

Orain bai igartzen dela tristura. Inor ez da ausartzen ezer esatera. Egia da diru kopuru handia dela. Edo ez, auskalo. Hemen inork ez daki ziur, zenbat diru dagoen.
Isiltasun une hau, espero dut zerbait garrantzitsua esateko balioko duela. Enparantzan Txanpainaren arazoa ez da txori kaka, ia ia hemengo ikurrina da.
Txanpaina, astoa, fruituak eta abarrak eman diote ospea Txurreroen Enparantzari, horregatik uzten dut aurkituko diotela konponbide bat.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : APAIZA EZ DA TXURREROA

EGUN TRISTEAK BIZITZEN



Egun hauetan Enparantza lasai dago. ez da ezer gertatzen aipatzeko modukoa, dena nahiko harrunta da. Jendea hara eta hona dabil bere eguneroko eginkizunetan.
Horrela ikusita zaila da igartzea zer gertatzen den hemen. Zenbat aldatu den dena!
Gogoratzen zara lagun, ze plazerra ematen zuen zuhaitzak ikustea? Ze ondo zainduak zeuden, ze garbia zegoen lurra eta gainerantzeko guztia. Adibidez iturriak. Ez dizut esan nahi ze egoeretan
aurkitzen den Txanpainaren iturria. Pena ematen du.
Lehen beti bazegoen norbait edaten, pila bat ez zenean, zeren, hori askoz normalagoa zen. Orain ordea, tarteka hurbiltzen da asperturta dagoen aitonen bat, seguraski denbora zaharrak berriro bizitzea.
Enparantza gogoratzen da Moet Chandoni buruz, bai horixe!
Eta dirudienez, Moet Chandon ere,ederki gogoratzen da Txurreroen Enparantzaz!
Ez naiz batere harritzen. Zenbat eta zenbat milioi dolar jasoko zituen enpresa horrek Enparantzari esker!
Alferrik da atzera begiratzea. Txanpain Frantsesaren ordez, Martíni fresko bat ederki sartzen da. Edari hori bakana da, freskoa mantetzen dena Enparantzan, beste dena epeltzen hasi da.
Larriena da, hemen dena epeltzen hasi dela, Enparantza bera hasi da epeltzen eta ximeltzen. Euliek lortu zutenean, Europako Elkarteari borrokan irabaztea egundoko baikortasuna agertu zen biztanleen artean, euforia giro bat, oso momentu ederrak bizi izan ziren eta gero...
Ba dirudi norbaitek ireki diola ezkortasunari atea. Atea eta lehioak.
Garbi esanda ez dakit nork zabaldu duen Kaxan ez dagoela hainbeste diru. Bapatean munduko Enparantza aberatsena, ia ia eskaleen museoan bihurtu da.
Nik ez dut teori hori konpartitzen, nere iritziz oraindik ba dago dirua kaxan, hemengo arazoak ez datozte alde horregatik, datozte Holanda esnea bidaltzea ukatu denetik.
Hori bai izan dela egundoko kaltea, zeren, ondatu ditu zuhaitzak, ondatu du Hilezkortasuna lortzeko aukera eta ondatu du, eta hau bai dela oso larria, Enparantzaren ospea.
Txurreroen Enparantza mundu osoan zen oso ezaguna. Hasi Afrikako auzo txikienetatik eta bukatu, Txinako hiri handienean. Pekinen dagoen kale luzeena Stalux izena du.
Pentsa ze kategori behar den, Munduko kale luzeenean, Enparantzako izen bat ipintzeko.
Zerua nahiko iluna egonagatik, oraindik aurrera begiratzeko ausardia ez da galdu behar, eta iruditzen zait ez dela galduko. Enparantzak eduki behar du kemena egoera hontatik irteteko.
Norbaitek eduki behar du indarra, Txurreroen Enparantza bizkarrean jarri eta aurrera eramateko.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : KAIKU ESNEA

ABERE BERRITSUAK AUSARTAK ZARETE

Ordago handira bota du Eulien buruzagiak. Dena den, ilunpe garratz honetan oso zaila da erreakzioak ikustea. Iruditu zait Patrixi jauzi bat eman duela, hori oso berea da eta Joxe Marik bere sudurra igurtseari ekin dio. Hori ere oso berea du.
Isiltasun une hau nahiko garrantzitsua da, hemen ari da jokatzen, berriro ere, Enparantzaren etorkizuna. Ikusteko dago nork mintzatzen duen lehenago eta zer esateko.
Nere ustez Alkateari tokatzen zaio hitza hartzea. Berak ere horrela ulertu du.

-- Zuen eskaera ezin dugu bete.
-- Zer da, diru asko?
-- Ba, bai, momentu honetan diru pila da. Gainera ez dut ulertzen zertarako behar duzuten diru pila hori. Zer egin behar duzute Euliak hainbeste dirukin?


Patrixiri ez zaio batere gustatu galdera. Beste jauzi bat egin du.

-- Bizi. Zuek zer egiten duzue, hainbeste milaka miloi dolar kobratzen duzutenean?
-- Koino, guk aho asko dauzkagu betetzeko.

-- Guk gehiago. Etxe honetan hamabost milioi. Afrikan ehun bilioi eta kontatu gabe Mozanbiken daudenak. Brasilen bakarrik berrogeita hamar bilioi daude
-- Baina zuek Euliak zarete, oso gutxi behar duzute.


Patrixi, sutan jartzen ari da. Hemendik aurrera Joxe Marik kontuz ibili beharko du.

-- Gutxi behar dugula Euliak? . Abere berritxuak ausarta zarete benetan.
-- Gu ez gara abereak, pertsonak gara. Hilezkortasuna lortua dugu.
-- Astoa erosita duzutelako. Horrela oso erreza da.
.-- Nola astoa erosita, Starlux ez dago salgai.
-- Orain ez, aspaldi erosi zenuten eta.


Alkateak isiltzea erabaki du eta nere iritsiz, ondo egin du. Euliak horrela jartzen direnean…

-- Ordainduko dugu bi kolpetan. Erdia bihar, Arrasaten, hango Kutxan, eta beste erdia, hemen, Enparantzan, San Martzial egunean, goizeko hamaiketan, nik ekarriko dut dirua bertara.
-- Hori ez da nik eskatu dudana.
-- Nik ezin ditut mirariarik egin. Sei bilioi dolar momentu honetan ezineskoa da guretzat. Hori ulertu beharko zenuke.
-- Guk mundu guztiari ulertu behar diogu eta guri inork ez digu ulertzen. Ordua zuek horretaz konturatzeko.
-- Gu konturatzen gara.
-- Kaka! Konturatu al zara behin edo behin, hemen, zabortegi honetan hamabost milioi Euli bizi garela?
-- Hainbeste?


Joxe Marik ez daki non sartu. Eskerrak ilunpeak laguntzen diola piskat.
Patrixik momentu hau aprobetxatu nahi du, ez ditu izango gaur bezelako aukera asko.

-- Zuk badakizu zer den, hainbeste milioi Euli elkarrekin bizitzea?. Ze bero jasan behar dugun?
-- Aurten bertan jaitsiko dugu- Alkateak zer edo zer asmatu behar du- hogei gradora Enparantzako tenperatura
-- Gauza asko egin behar dituzue…Itzuli gaitezen berriro arira, dirua bihar kobratuko dugu?
-- Bai, horretaz ziur egon. Eta orain posible zenuteke Enparantzaren zerutik alde egitea. Ilunpetan ezin dugu bizi.
-- Oraindik itxaron beharko duzue apurtxo bat. Nik hegal bakarra daukat eta goraino iristea kosta egiten zait.
-- Hegal bakar batekin, lortzen duzu gora iristea?
-- Euliak gure ahalmenean sinisten dugu, horregatik lortzen ditugu helburu denak.


Badoa Patrixi Enparantzaren zerura. Harrigarria da Euli horrek daukan kemena eta ausardia.
-----------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : EGUN TRISTEAK BIZITZEN

SEI BILIOI DOLAR EULIENTZAT


ZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZIIIIIIIIIIIIIIIITTTTTTTTTTTTT.

-- Kaiku.

ZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZIIIIIIIIIIIIITTTTTTTTTTTTT.

-- Kaiku.
-- Nor da!
-- Ni naiz, Patrixi. Lasai, dena bukatu da, errez irabazi dugu.
-- Bai ?
-- Irabazi dugu eta betirako gainera. Hiru hegazkin erre dira Txoritokietan. Gure azpitikan nahi zuten sartu, baina ez zegoen lekurik eta harrobi handiaren aurka jo dute.
-- Oso ondo. Hau ospatu behar dugu.
-- Egon piskat, zeren ez da bukatu oraindik.
-- Nola ez dela bukatu oraindik!
-- Mundu osoko Euliak elkartu gara Enparantzaren gainean eta ez dugu alde egingo sei bilio dolar dolar eskuratu arte.

-- La Hostia Patrixi, eskatzen ez zarete makalak!!
-- Guk gure eskubideak defendatzen ditugu. Guk diru hori merezi dugu. Guri esker, Enparantza bizirik dago oraindik.
-- Bizirik dago, baina ez dakit noiz arte.


Sei bilioi dolar! Joxe Mari, Donibane Lohitzunera eraman beharko dut. Poliklinikan pare bat
hilabete pasako ditu.
Hau panorama daukaguna. Gainera ilunpe honetan non aurkituko dut? Eta nola lortuko du dirutza hori, hain denbora gutxian. Nik ezineskoa ikusten dut.

-- Diruarengatik ez zaitez estutu, hori ez da dirua Enparantzarentzat.
-- Nola ez da izango dirua! Eta horrez gain non dago Joxe Mari momentu honetan?
-- Bost minutu baino lehenago hemen egon behar du.


Hona etorriko da. Azken aldia elkar ikusi ginela eta denbora dezente da, Biriatun izan zen, eta sagardoa edaten egon ginen berriketan. Ederki pasa genuen.
Joxe Mari oraintxe sartu da Eulien etxean. Ze momentu hunkigarria. Sabela txingurriz beteta daukat. Txurreroen Enparantzako Alkatearekin egoteko ohorea izango dut.

-- Kaixo Xanti, bizi al haiz?
-- Ilunpe honekin ezagutu egin nauk?
-- Nik ilunpetan gehiago ikusten diat motel.

-- Eta neri ez al nauzu ikusi. - Patrixi ez da inoiz zahartzen, betiko txispa dauka.
-- Baita ere. Zuri eskerrak eman beharrean nago Txurreroen Enparantzaren izenean. Mesede ahaztezina egin diguzute. Ez dakit nola ordainduko dugun gaur egin duzutena.
-- Lasai egon, nik berehala esango dizut. Sei bilioi dolar emanda, eguna amaitu baino lehenago.
-- Arraioa! Ez zarete txikiak eskatzen.

------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : ABERE BERRITXUAK AUSARTAK ZARETE

EA BIHAR ZORTEA DUGUN


Beno lagun, orain ez dakit ziur zer egin. Gauza bat daukat garbi, bakarrik egon nahi dut ordu batzutan.
Tarteka behar dut bakardadea, burua ondo antolatzeko, idei bakoitza bere lekuan jartzeko, biharko eguna ondo prestatzeko.
Batez ere biharko eguna gogorra izango da benetan. Hala ere, nahiko lasai nago.
Bostehun bilioi Euli errez estaliko dute Enparantza, beno ez bera bakarrik, baita ere inguru osoa. Etsaiek ez dute jakin behar non kokatzen den suntsitu nahi dutena.
Nere ustez Euliak iritsiko dira Pasairaino, Astigarragaraino, Donostiko sarreraino eta Trintxerperaino. Hori lortzen badute, nahikoa.
Pilotoak ez dira hasiko lehergailuak non nahi botatzen. Hori baino zehaztapen gehiago behar dute.
Gauza batek kezkatzen dit pisk batat. Pasaiako Enparantza ez da gurearen berdina, baina...
Badute gauza batzuk berdin xamarrak. Adibidez, Eliza Enparantzaren erdian, zuhaitzak berdin, Frontoia.
Ez dakit zergatik, baina ia ziur nago pilotoak Europearrak izango direla. Eta baita ere, aldamenean Donostiko Udaltzain bat eramango dutela. Horrek lasaitzen nau.
Amorru biziz igoko dira hegazkinera eta Enparantza ez ikusteak, erotu egingo ditu.
Kontuan hartu behar da, Euliak metro bateko kapa egingo dutela. Ez da ezer ikusiko. Ezineskoa da ikustea. Hori da guk dugun tresna irabazteko.
Abere berritsua indartsua da, boteretsua, nahi duen guztia egiten ohituta dagoena eta bihar goizean, lehendabiziko aldiz bere historian, ezina dastatzen duenean… bere onetik aterako da. Burua galduko du erabat. Abere berritduak ez du onartzen porrota.
Eskerrak ezingo dutela ezertxo ere ikusi, bestela jaso beharko genduke mendekua beldurgarria izango zen.
Horrelakoak gara ahulak. Burua erabiltzen dugunean, Txapeldunak gara !!
Beno, ez naiz jarriko oso euforiko, oraindik ez dugu irabazi eta.
Kaka! Gauza bat ahaztu zait esatea Patrixiri. Esan behar nion, ez ipintzeko oso goian, askoz hobea dela lurretik hogeita hamar metrora jartzea, ia, ia teilatuak ikuitzen.
Hegazkinak ezingo dute asko jaitsi, nahiko goitik ibiliko dira. Altura horretatik oso zaila da ohartzea kapa beltza Euliz osatuta dagoela, zeren, zoritxarrez konturatzen baldin badira, ze abere txikiaz osatuta dagoen, edozer gauza egiteko gai dira.
Ez naiz orduz lehen urduri ipiniko. Hobe dut lasai lasai egin behar dudana planifikatu.
Badut denbora, ordu dezente daude arrisku ordua iritisi arte. Arrisku ordua…
ez da batere arriskurik egongo. Pasaia edo Astigarraga ez baldin ba dituzte hankaz gora jartzen. Hori izango litzake marka! Dena den, ez da gure errua izango.
Onena da nere gelara joatea. Pentsatu eta erabaki dut. Etxe osoa neretzat izango da eta bihar forman egoteko, hori da bide egokiena.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : SEI BILIOI DOLAR EULIENTZAT

BOSTEHUN MILA BILIOI EULI ZERUAN


Euliak berriro bildu dira. Uzte nuen errezagoa izango zela asuntua. Anaiak taberna leporaino betetzen ari da. Elkarri entzuteko ozenki mintzatu beharko dugu.
Ordulariak garbi adierazten du, ez dugula denbora gehiegirik.

-- Nork ziurtatzen digu Enparantzak eskertuko duela gure mesedea?
-- Nik.


Patrixik Cointreau kopa utzi du mahaiean eta botilaren gainera igo da.

-- Kaiku, zuk ezin duzu ezer ziurtatu. Denbora asko pasa duzu izarrak beltzez margotzen. Gaur egun ez zara Altzakoa eta gutxiago Enparantzakoa. Zure hitzak ez du ezer balio.
--Nere hitzak balio zuen eta balio du! Bihar Enparantza defendatzen baduzue, izango dituzue bi etxe berri eta askatasun osoa kalean ibiltzeko.
-- Ez da nahikoa hori. Enparantzako tenperaturak zazpi grado jaitsi behar ditu. hogei gradotan bizi nahi dugu. Eta urtero eman behar digu, diru kopuru polita.
-- Erotu egin al zara Patrixi?
-- Sekula baino hobeto nago.
-- Pufff…
-- Zer duzu Kaiku, buruko mina? Lasai egon, hemen badago dirua eta. Bordako elementu horrek, jende asko tronpaten du, baina guri ez. Hemen dagoen dirutza inork ez daki, ez eta berak ere.


Ezin dut isilik gelditu. Garrantzitsuena Enparantza salbatzea da eta gero gerokoak.

-- Bihar goizeko bostetatik, arratsaldeko zazpirak arte, Enparantzaren eta bere inguru osoaren zeruan, bostehun mila bilioi Euli elkartzen bazarete, izango duzue eskatzen duzutena.

Nik esandakoa entzun dute, sinistu badirudi ere.

-- Ez dugu posible hainbeste Euli elkartzea. Ez dago denborarik.
-- Bai, badago denbora, hasi oraintxe bertan.
-- Ahal egina egingo dugu, baina eskatu duguna, aurten eman behar zaigu, bestela Mundu osoko Euliak elkartuko gara Enparantzaren zeruan eta hau ilundu egingo dugu.


Gogoratzen naiz “ banan bana txikiak gara, baina elkartzen garenean…”
Patrixi zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta setatiagoa.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : EA BIHAR ZORTEA DUGUN

EULIAK, COINTREAU ETA ARAZOAK


-- Eskerrik asko etortzeagatik. Deitu dizuet, Enparantza arazo handi batean sartuta dagoelako.

Euliak elkarri begira daude. Badirudi zer edo zer gehiago entzun nahi dutela.

-- Abere berritxuek bihar Enparantza bonbardeatu egingo dute.
-- Guretzat –
Patrixi oso seria dago – zuek denak zarete abere berritxuak.
-- Ni ere bai ?


Euli zaharra pentsatzen dago erantzuna. Oraindik ez du galdu betiko ohitura : une txarretan Cointreau piska bat edatea.

-- Kaiku, gu biok oso momentu txarrak bizi izan ditugu elkarrekin. Zu beti izango zara nere laguna, baina hona ez gara etorri adiskidetasunari buruz hitzegitera, hemen Eulien etorkizuna dago jokoan.
-- Eulien eta Enparantzaren etorkizuna.
-- Bai, baina Enparantzaren etorkizuna ez da gure arazoa. Badago Komite bat horretaz arduratu behar duena, guk badugu nahikoa gurearekin.

-- Ez al zara konturatzen, Enparantza desagertzen baldin bada, zuen etxea ere desagertu egingo dela ?.
-- Etxea agian bai, gu jarraituko genduke bizirik. Etxea prestatuta dago, gu edozein egoera larritik ondo irteteko.
-- Eta zer egin behar duzue etxerik gabe?
-- Bizitzen jarraitu. Guri ez digu etxeak biziarik ematen.

-- Etxea zuentzat eta mundu guztientzat garrantzitsua da. Enparantzari biharko arazoa konpondu ezkero, ziur nago jakingo lukeela eskertzen.
-- Zertan ari zara, gu erosi nahian?
-- Ez eta pentsatu ere Patrixi, aspalditik ezagutzen gara!


Euliak begiak itxi dituzte, pentsatzen daude. Orain segundu batzuetan isilik egon behar da.
Nik ere pentsatu egingo dut, badago bai, burua non hautsi. Euliak ukatzen badira…
Ez dut pentsatu nahi. Etxeak berriro altxako lirateke, baina zuhaitzak eta harresia? Eta Eliza?
Harresiak milioi pila balio ditu. Eliza hamalaugarren mendekua da, historia handikoa.
Cointreau piskat hartu behar dut, lasaitzea komeni zait.

-- Kaiku ez dugu oso garbi ikusten zure eskaera?

Ez da Patrixi izan mintzatu didana, gazteagoa da, Biriatun ezagutu nuen, uzten dut Pantxika deitzen dela.

-- Zer adibidez ?
-- Adibidez zergatik ez den etorri gurekin hitzegitera Enparantzako Alkatea?
-- Oso egoera kritikoan gaude eta ezin da segundo bakar bat galdu.
-- Komiteko bat orduan.
-- Esan dizut ze egoereetan gauden. Nere ustez nik harremanak hobeak ditut zuekin.

-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : BOSTEHUN MILA BILIOI EULI ZERUAN

BIHOTZA EZ DAGO PENTSATZEKO EGINA


Zer iruditzen zaizu lagun hemen dagoen panorama ?
Munduko hiltzaile handienak patxadan bizi dira, ez dute inoiz arazorik Epaitegietan, ezin zaie bere lekutik inora mugitu eta La Hayara eramatea, amets hutsa besterik ez da. Abere basati horiei, Demokrazia Sozialistaren Justizia ezin zaie aplikatu.
Abere berritxuen gizartean, gu bizi garen gizarte honetan, arrazoiak ez du ezertarako balio, hemen indarra balio du, indarrak erabakitzen du nork duen arrazoia.
Eta zer egin, adibidez, Txurreroen Enparantzan ?.
Kontutan hartuta Europako Elkartea Enparantza baino askoz indartsuagoa dela, inolaz ere ezin diegu eremu militarrean jokatu.
Beste zer edo zer asmatu behar dugu, guri komeni zaigun borroka mota erabili behar dugu.
Pentsatu egin behar dugu, pentsatu buruarekin bakarrik, erabaki garrantzisuak buruarekin hartu behar dira. Bihotza ez dago pentsatzeko egina.
Beno, utziko ditut pentsamenduak eta jarriko naiz begira ea noiz azaltzen den Patrixi.
Mugitu egin beharko dut, hurbildu egingo naiz tabernara, zeren Euliak ez dira errezak ikusten. Iruditzen zait Patrixi gaur ez dela etorriko bakarrik, usaituko du nolabait badagoela arazo bat tartean eta seguraski erabakiko du, taldean etortzea.
Erabakiak hartzeko errezagoa da denak bertan egotea eta baita ere azkarragoa. Biharko plana gaur bertan planifikatu behar da. Orain eta hemen
Jende asko dabil taberna inguruan eta onena izango da barrura sartzea. Mahaia hartuko dut eta horrela erreztu egingo dut elkarhizketa.

-- Mikel.

Ez du entzun, ate ondoko mahaia hartu dut eta......
Hara non datorren Eulien Lehendakaria! Iritsi da eta ez bakarrik. Denera sei Euli dira.
Mahaia eta aulkiak ipiniko ditut. Cointreau botila batekin nahikoa izango dugu ezta?
Garrantzitsuena da plana lehenbailehen antolatzea. Nik dena buruan daukat, falta den gauz bakarra, gorpuztea da. Orain da momentua.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : EULIAK, COINTREAU ETA ARAZOAK



ENPARANTZA SUNTSITU EGINGO DUTE


-- Osaba, osaba!
-- Zer?
-- Osaba, altxa zaitez hortikan; baina zer gertatu zaizu?
-- Zer gertatu zait ba?

-- Lurrean etzanda zaude.
-- Bai, egia da, seguraski ez dut asmatu Martinia neurtzen.
-- Nola neurtzen da Martinia?
-- Zaila da Axel, oso zaila. Egunero ezin da metro berdina erabili.

-- Arraroa da, hemen egon den borrokarekin zu ez esnatzea.
-- Egon piskat, Martiniarekin garbitu behar dut aurpegia, ea ernaten naizen.


Ze gaizki sentitzen naizen momentu honetan. Badirudi hemen sekulako borroka egon dela eta ni ez naiz ezertaz jabetu. Eta okerrena da, ez naizela espabilatzen.
Izan ere, aurpegia garbitzeko ur tantorik ez egotea Enparantza osoan!
Krisia handi hau pasatzen denean, Komiteari edo Alkateari esan behar zaio, ura jarri behar dela etxeetan eta hemen, beste iturriekin batera.
Adibidez goizetan aurpegia garbitzeko ura hobea da Txanpaina edo Martinia baino.

-- Axel konta didazu zer gertatu den, siestan nengoen bitartean.
-- Zer ez da gertatu! Holandatik etorri da La Hayako Epaitegiko burua. Berarekin ekarri ditu berrogeita hamar gizon. Ez dakizu ze sestra sortu den!
-- Sartzea nahiko zuten?

-- Bai, eskerrak azkenean alde egin duten, baina gero etorri direnak...
-- Donostiko Udaltzainak, ziur nago.
-- Nola dakizu?
Axel harritu da.
-- Joxetxok, Enparantza erosi zuenetikan, Donostiko Udaletxeak ez dauka beste helbururik. Hona sartu eta hemen agintzen hasi.
-- Uzten dut oraingoan helburuak joan zaizkiela burutik. Gaurkoa ez dute hain errez ahaztuko. Egur asko hartu dute, zaurituak ere izan dira. Gogorra izanda benetan.
-- Zaurituak ere bai?
-- Eta txarrena etortzear dago. Donostiko zinegotzi batek esan duenez, bihar Europako Elkarteak, Txurreroen Enparantza suntsitu egingo dutela. Seguraski hegazkinekin bonbardeatu egingo gaituzte.

-- Hori ikusteko dago.
-- Osaba, zergatik esaten duzu hori? Baduzu plan bat hori ekiditeko?
-- Plan bat! Zerbait bururatu behar zaigu.
-- Zerbait baino gehiago bururatu behar zaigu. Hegazkinen aurka ez dakit zer egin dezakegu.
--Bihar goizean jakingo duzu esku artean ditugun aukerak. Orain joan zaitez Eulien etxera eta esan Patrixiri etortzeko Anaiak tabernara. Gero, Joxemarirengana joan eta esan nire partetik, bi mesede zor dizkidala.

-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : BIHOTZA EZ DAGO PENTSATZEKO EGINA

EZ NAIZ HILEZKORRA


Starlux elastikoa jaso ondoren, bere txabolan sartu da. Zer esan nahi du horrek ?
Zer ulertzen duzu lagun? Nik ulertzen dudana ? Gonbitatuta nagoela piku txuri bat jatea?
Ba, bai eta gonbidapena hartuko diot. Horrelako aukerak ez dira askotan izaten eta nik ez dut oraingoa, alferrik galduko.
Haurra nintzenean ez nuen hainbeste arazo Ibarburun pikuak jateko, gaur ordea urduri nago, oso urduri. Ez dut inoiz pentsatu Hilezkortasunarekin eta orain ez dakit nola erreakzionatu.
Onena da lasaitzea eta presarik gabe, jango dudan pikua aukeratzea.
Ez da denbora asko begira egon behar, pikuen umotasuna ikusteko. Txarra benetan, pena emateko modukoa. Baina hala da.
Eder zalea naiz eta handiena hartuko dut. Zirti zart !!
Minutu bat pasa da eta nere gorputzean ez dut ezer berririk igartzen.
Bost minutu pasa dira eta beste hamar ere. Tabernaren komonean ikusten ditut nere aurpegian ditudan berrogeita hamasei urteak. Ez ditut hogeita hamairu urte. Ez dut Hilezkortasuna lortu.
Pikua erdi ustela zegoen, hala ere ez dakit zer pentsatu…
Pikuari bota behar diot erru guztia edo hasi behar dut pentsatzen, ni ere usteltzen hasita naizela. Zer pentsatu behar dut ?
Piku horrek sekulako egarria eman dit eta orain nahiago dut Txanpain kopa bat edatea burua txikitzea baino.
Txanpainaren iturria legor dago!! Hau ondamendia!
Nere gauzetan pentsatzen, ahaztu egin naiz Enparantzaren arazotaz. La Hayako Epaitegiak atxilotu egin nahi ditu Alkatea eta astoa. Nahi bai, baina ezin.
Horren ondorioz Europak hartu ditu bere neurriak, neurri zorrotzak zalantzarik gabe.
Esnea, Txanpaina, Angulak eta beste artikulu garrantzitsuak, blokeatu egin ditu.
Enparantza ito egin nahi dute. Barrutik egin ezean, oraingoan kanpotik saiatuko dira.
Ez dute lortuko. Ez digute bizitzeko gogoa kenduko, ezta pentsatu ere ¡
Oraintxe bertan hartu behar dut Martini eder bat, bai horixe. Italianoak jarraitzen dute gure lagunak izaten.
Zein ederra den Martini freskoa! Neguan mundiala da eta Udaran, Udaran pasada bat.!!
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : ENPARANTZA SUNTSITU EGINGO DUTE

ANTXONIREN ARGAZKIA


Badakizu zer egin behar dudan lagun ? Enparantzatik nahi dut buelta bat eman, amorratzen nago berriro ikusteko.
Eliza inguruan ez da aldaketarik izan, dena beti bezela dago. Beno, agian orain bizitasun gutxiagorekin. Udaletxeak badu…
Baina, zer demontre ari naiz denbora galtzen! Nik, zuhaitzak ikusi nahi ditut eta banoa ziztu bizian.
Hemen daude nere aurrean, munduko sagar ederrenak, Mirasungo amabirjin sagarrak. Eta ondoan, munduko gerezi gozoenak, Siuseko anpolariak. Piskat beherago, bere betiko lekuan, Ibarburuko piku txuria. Historia osoan egon diren piku txuri dotoreenak!
Horrela, hemendik ikusita, ez du ematen kaltetoso uta daudenik. Beldurra piskat daukat hurbiltzeko, badakidalako konturatu egingo naizela.
Zertaz konturatuko naizen ? Ba poliki poliki hondatzen ari direla. Holandak, esnea ez bidaltzea erabaki duenetikan, usteltzen hasi dira Enparantzako fruitu ospetsuak.
Eta zer da Txurreroen Enparantza fruiturik gabe ?
Oso gutxi.
Mundu osotik etorri da jendea Enparantzara sendatzera. Inork ez zuen asmatuko zenbat eta zenbat gizon eta emakume aurkitu duten hemen Osasuna.
Eta zer da Txurreroen Enparantza Ibarburuko Piku txuririk gabe?
Ezer ez.
Gure Enparantza ezaguna baldin bada Mundu osoan, hemengo piku txuriek, Hilezkortasuna ematen dutelako da.
Piku txuririk gabe, ez dago Hilezkortasunik, Hilezkortasunik gabe ez dago dirurik, eta dirurik gabe, zer dago ?
Enparantzako sistema ekonomikoa ezaguna da : Sozialismo Aberatsa.
Sozialismo Aberatsean dirurik gabe ez dago bizitzerik.
Hala ere bizitzen jarraitzea erabaki dugu, nik behintzat. Horregatik poliki poliki hurbiltzen ari naiz piku ondora. Starluxek ez nau begirik kentzen. Pikura iristeko hiru metro falta zaizkit, oso gutxi, hemendik aurrera erne ibili behar dut.
Beste pauso bat eman dudanean, bera ere mugitu egin da, nik ordea, berak inoiz pentsatu ez duena egin dut : Siuseko Antxoniren argazkia atera.
Astoak egundoko ustegabea hartu du. Argazkiak egin dion bihotzondokoa ikustekoa da.
Erabat aldatu du bere portaera. Lasaitu eta animatu egin da. Oso jarrera goxoan neregana hurbildu da. Zer egin behar dut nik ?
Argazkia ipini dut nere bularraren aurrean, agian…,ba bai, hori nahi zuen!
Musu bat eman dio Antxoniri !!
Mundu osoan abere hiltzaileena konsideratuta dagoena, sentimenduak baditu.
Noski baietz ¡ Egosgorra eta tematia da, baina badu bihotza. Asko maite zuen eta asko maite du oraindik bere jabea eta bere lagun handia.
Ez du ahaztu Antxoni, ezin du ahaztu. Pertsona batzuk ahaztezinak dira.
Burua piskat jetsita, kentzen ari da lepoan daraman elastiko gorria. Garbi ageri da Juanek segarekin egin zion ebakia. Neronek ere, galtzak jaitsi egin ditut.
Aspaldiko partez, berriro ikusi ditu nere eskubiko iztarrean utzi zizkidan orbainak.
Zenbat urte pasa diren!
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : EZ NAIZ HILEZKORRA

EULIEN ARAZOAK


ZAZPIGARREN ATALAREN HASIERA
-------------------------------------------------------------------------------------------------

Enparantzara etorri naiz bizitzera. Gaur goizean autoan sartu ditut erropak, oinetakoak, bizarra kentzeko tresnak, gutxi gorabehera bizitzeko behar diren gauzak. Zer edo zer falta bazait, hemen erosiko dut edo tarte batean joango naiz Endaiara.
Zer kontatzea nahi duzu lagun ? Nola aurkitu dudan ?
Triste xamar..,. oraindik ez dut jende asko ikusi, baina hemengo tristura nahiko nabarmena da. Dena den, momentuz ez naiz sartuko buru belarri arazoetan. Lehenengo Patrixirekin egon behar dut.
Nere erropak, nere trasteak, Eulien etxean gorde nahi nituzke. Aurretik galdetu behar diot, ea bertan bizitzen gelditzen ahal dudan. Neretzat erosoagoa da Euliekin bizitzea, egunero Martillunera jaistea baino. Kontuan hartu behar da, Enparantza askotan itxita egoten dala eta gora eta bera ibiltzea neketsua izango da.
Baina beno, hori utziko dut gerorako, orain Eulien etxera noa.
Ekarri diet opari batzuk, gazta piskat, Cointreau botila bat, txikikeri batzuk. Euliak gutxi jaten dute, edan ere, baina nahiko bereziak dira mahaiean.
Kaka!! Gaur osteguna da, ezin dute mintzatu. Hausnarketa eguna. Ez naiz konturatu horretaz. Batzuetan ez dakit non daukadan burua.
Eta zer egin ? Deituko dut eta kitto! Patrixitaz galdetuko dut eta gerta dadin gerta daitekena.
Etxe honek zahar itxura ikaragarria dauka, egia da obra egin behar dela. Paretak oso abandonatuta daude, auskalo zenbat urtetan ez diren margotu. Hala ere, ez zait iruditzen hau denik une onena dirua gastatzeko.

-- Kaiku, zer zabiltza ?
-- Barkatu Patrixi, oraintxe ohartu naiz osteguna dela.
-- Lasai, salbuespen bat egingo dugu. Zurekin hitzegin beharra daukat.
-- Zuen arazoei buruz ?

-- Noski ¡ Gure arazoak hemen daude, betiko lekuan. Inor ez da kezkatzen gure arazotaz.
-- Ulertu behar duzu, Enparantzarentat ez dela une egokia zuen arazotaz arduratzeko.
-- Zergatik ez ? Gu Enparantzan bizi gara, gu Txurreroak gara, gainera ez dugu asko eskatzen. Etxe bat egitea eskatzen dugu, hori hainbeste al da ?

-- Momentu honetan…
-- Momentu honetan eta momentu denetan, etxe txiki eta zahar honetan hamabost milioi Euli bizi gara. Zer iruditzen zaizu momentua ?
-- Zer nahi duzu esatea?


Patrixik, begirada zorrotza bota dit. Auskalo ze deskargatu behar duen oraingoan.

-- Esan nizun behin, Euliak banan bana txikiak garela, baina elkartzen
garenean, abere berritxuak ezagutzen ez duen lehergailua gara. Kaiku, pazientzia bukatzen ari zaigu.
-- Beno, Enparantzako arazo denak konpondu arte, ahal dut zuen etxean bizi?
-- Arazo denak konpontzen laguntzen baldin badiguzu, bai.
-- Saiatuko naiz. Badakizu hitzekoa naizela.


Elkartzen direnean lehergailuak direla…Patrixik bakarrik dagoenean ere, a ze estanda daukan !
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : ANTXONIREN ARGAZKIA

GORA TXURREROEN ENPARANTZA !!!


Egun batzuk utzi ditut pasatzen. Hori egin behar da lagun, arazo handiena ere, egun batzuk pasatzen direnean, txikitzen hasten da, garrantzia galtzen.
Eta zergatik ?
Ba, gu, poliki poliki hasten garelako, konponbideak aurkitzen, gai garelako arazo horri aurre egiteko, eta, baita ere, egoera berri guztietan, gai garelako egokitzen.
Lehen esan dut, ehun milioi Txurrero gaudela Munduan. Agian larregikeria bat da, ez dakit. Dena den, kantitatea ez da garrantzitsua, garrantzitsua da jarrera.
Gure zeruan egunero ateratzen da Eguzki Erregea, gure irribarrean beti dago poza, gure begiradan beti dago argia , gure izaeran beti dago indarra, guk beti dugu bizitzeko gogoa. Horregatik beti aurrera goaz. Horregatik gara Txurreroak.
Beno, akats batzuk baditugu, adibidez orain egin dudana, ez dago ondo egina. Alkatea ikusi dut eta jarraitu egin dut. Badakit itsusia dela atzetik jarraitzea, baina hala egin dut. Anaiak tabernan sartu da. Bertan Komitekoak daude, bera bezelaxe Cohibas erretzen eta Txanpaina edaten, badirudi hau dela krisia ekonomikoari aurre egiteko modu eraginkorrena.
Hasieran pentsatu dut bilera dutela, orain berriz ez dakit zer pentsatu. Joxe Mari berak eskatu du Txanpain gehiago. Oso giro polita ari da sortzen tabernan; segundoak pasa hala, jende gehiago dago. Batzuk dagoeneko musika eskatzen dute.
Arratek ez daki zer egin; bapatean Joxe Mari, mahai gainera igo da.
Alkatearen erreakzio hori, piskat harritu egin die Enparantzako biztanleei.

-- Lagunak, hitz batzuk esan behar ditut : hemendik aurrera, Enparantzan egongo dira aldaketa batzuk, lasai egon ez direlako izango aldaketa handiak.
Enparantzako langile denak, berdin berdin kobratuko duzue, inork ez du galduko bere lana. Gutxi gorabehera dena jarraituko du berdintxu, horregatik eskatzen dizuet, zuek ere, orain arte bezela jarraitzea.
Enparantza denon artean osatzen dugu eta orain arte, gai izan bagara Enparantza aurrera ateratzeko, hemendik aurrera ere bai.
GORA TXURREROEN ENPARANTZA!!!
GORAAAAAAAA!!!


Hau giroa hemen dagoena!
Eta falta zena, tabernako atean dago, Starlux. Elastiko berria jantzita etorri da.
Gaur pare bat kaxa Txanpain eroriko dira.
Gehienetan gertatzen den bezela, bera azaldu orduko, musika hasi da jotzen. Zein izango den abeslaria eta Peret handia!

"Burrikito como tu, tururu, que no sabes ni la u, tururu, burrikito como tu, tururu, yo se mas que tu, que tu…"

Zein ederra den musika, ederra denean!
Minutu batzutan taberna bete da eta orain kanpoan antolatu dute dantza lekua.
Hauxe da momentu bat, ondo aprobetxatu behar dena, ez daudelako bizian horrelako aukera asko.
Egongo gara lagun.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
SEIGARREN ATALAREN AMAIERA

hurrengo kapitulua . EULIEN ARAZOAK

MUNDUAN EHUN MILIOI TXURRERO GAUDE


Oraintxe explikatuko dizut lagun.
Ez da kasualitatea, La Hayako Epaitegiak, orain, krisis ekonomiko beldurgarri hau sortu denean, sumario bat irekitzea Enparantzaren aurka.
Sumarioak bi atal ditu. Batek, ez du kaltetzen gehiegi edo ez du arrisku gehiegirik.
Besteak ordea, suntsitu egiten ditu Enparantzaren zutabeak.
Berrogeita hamar mila bilioi euro diru kopuru dezente da, Enparantzak ordaindu ezin duena. Neri hala iruditzen zait behintzat.
Eta hori ez da larriena, larriena da Enparantzari inork ez diola dirua utziko. Ez dago munduan, diru kopuru hori aurreratuko duen Banketxerik.
Horrela ikusita, panorama ezin du izan ilunagoa. Ze pena!
Ohituta gaude Enparantzan giro ona izatea beti, giro baikorra; hemen beti egon da alaitasuna, umorea, nahikoa zen edozein aitzaki, sekulako festa antolatzeko. Zenbat aldiz inongo aitzakiarik gabe, sortu da kriston saltsa!
Baina ez gara triste jarriko. Nik badut konfidantza Alkate eta Komiteko kideekin eta iruditzen zait, handik edo hemendik, aurkituko dutela modua, berriro lehengo egoerara itzultzeko.
Txurreroen Enparantza ezin du erori. Munduan ehun miloi Txurrero gaude eta denak, Enparantza honi begira bizi gara.
Eutsi lagunak !
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : GORA TXURREROEN ENPARANTZA

ENPARANTZA, LA HAYAKO EPAITEGIAN


Zer nahi duzu esatea lagun? Enparantza oso triste dago. Azkeneko egunetan, gertakari larriak tokatu zaie bizitzea Komitekoei eta Enparantzako biztanle guztiei.
Joxe Mari Labaka Murua, Txurreroen Enparantzako Alkatea eta Starlux hemengo astoa, atxilotzeko atarian daude.
Enparantzak dauzkan bi izar nagusiak, momentu kritikoak bizitzen ari dira. La Hayako Epaitegiak ireki berria du sumario bat, non leporatzen die bi hauei, hilketa ikaragarriak.
Horrez gain lapurreta handiak ere, Epaitegi horrek aipatzen du sumarioan, Enparantzak lapurtu dituela lotsagabeki milaka milioi dolar.
Starluxen kasua ez da berria, aspaldidanik dago bere argazkia Holandako Epaitegi ospetsu horretan. Orain arte ez zaio garrantzi gehiegi eman, nola Errefuxiatu Soziala den, beti pentsatu izanda, ez duela batere arriskurik.
Baina, badirudi, Wyllyans Anderearen heriotza, Epaileak ez dutela besteak bezela hartu. Eta horretarako, bi argudio erabiltzen dituzte :
Bat: Ehun urte izatea eta
Bi: Emakume izatea.
La Hayako Epaitegiak ez du klasifikatzen hori hilketa harrunta bezela, hilketa basatia baizik.
Fiskalak leporatzen dio Starluxeri beste bi mila eta larehun hilketa, baina ez arduradun nagusi modura, ezinbesteko laguntzaile gisara baizik.
Lapurreta kasuan, Epaitegiak ez du astoa egotzi. Txanpain mordoa edan duela, atrako horien kontura, baina besterik ez.
Alkatearen kasua beste kontu bat da. Bi mila eta larehun hilketa leporatzen diote, arduradun nagusi bezela.
Eta, hau ere fuerte xamarra da: berrogeita hamasei bilioi dolar lapurtzea. Kantitate astronomiko horretatik , Enparantzak berrogeita hamar bilioi Euro itzuli beharko ditu.
Sumarioak ez du zehazten, nori eman behar dion kantitate exajeratu hori. Seguraski, Holandako Epaileei.
Bere argudiotan Fiskalak esaten du, ezin dela onartu, hain biztanle gutxik, hainbeste diru manejatzea.
Iruditzen zait, azken argudio hori ez dela oso boteretsua. Abokatu koxkor batek, azkar botako du hankaz gora.
Eta horrela daude hemen gauzak lagun. Enparantza erdia, baikor dago eta beste erdia, ez hainbeste. Urte asko dira Altzako plaza zaharra, Epaile eta Fiskalen ahotan dabilela. Egunen batean iritisi behar zuen zerbait...
Joxetxo Ezeiza Enparantza erosi zuenetikan, hau izango da arazo larriena.
Eta larriena da, orain arte egon diren gorabeherak, hemen bertan konpondu direlako, Enparantzako Komiteak eta biztanleak konpondu dituztelako.
Arazo hau ordea, hemengoa da, baina ezin da hemen konpondu. Hala ere bi aurpegi ikusten dizkiot nik. Bat ez da hain txarra. Ez astoa eta ez Alkatea, ez dira Enparantzatik mugituko.
Azkeneko urteetan, ez dakit zenbat aldiz mehatxatu duten sartuko direla Enparantzara eta hona ez da inor sartu.
Abere demokrakak debekatua dauka Enparantzara sartzea. Zoritxarrez Altzan dabil handik hona. Altza, Donostiaren menpe dago, baina Txurreroen Enparantza ez!
Beraz arazoa txikiagoa da. Txikiagoa esan dut, ez txikia.
Arazoaren beste aurpegia, txarra eta maltzurra da. Abere demokrakak, nahiz eta barrura ez sartu, kanpotik ahal du Enparantza ito. Nola?
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua: MUNDUAN EHUN MILIOI TXURRERO GAUDE

TXATARREROAK ENPARANTZATIK KANPORA


-- Eta ezin du berriro hasi?

Joxe Marik ez zuen espero horrelako galderarik. Nabarmena da estuasun batean sartu duela Tarantini Jaunak.

-- Hilezkortasuna lortu nahi duzu?
-- Hilezkortasuna merezi dut.


Isiltasun handia dago momentu honetan Enparantzan. Lehengo zarata eta iskanbila bake handian bihurtu dira. Hemen ez da ezer mugitzen.
Baten batek hautsi behar du hainbeste isiltasun eta Alkateari tokatu zaio.

-- Hilezkortasuna lortzen baduzu, nik itzuliko dizkizut berrogei mila milioi dolar eta emango dizkizut aparte, beste hamar mila miloi. Zurea da erabakia.

Orain ederki estutu dena Tarantini Jauna da. Berak ere, ez zuen espero horrelako erantzunarik. Urteetan oso aurrera doan dirudun handi hau, irten gabeko bide arriskutxuan sartu da.
Bere senideekin bilera txiki bat antolatu du, auskalo zer erabakiko duten. Momentuko erabakia, bilera handitzea izan da.
Gauzak ondo egiteko jende asko dago. Hitzegiteko gehiegi eta entzuteko inor.
Udaltzain bat hurbildu zaie, ea piskat mugitzen diren. Starluxek presa dauka txanpaina edateko.
Badoa Tarantini Jauna Alkatearengana.

-- Labaka Jauna, ez dut onartzen zure proposamena, gezur handia delako.
-- Nik ere ez dut inoiz sinistu, zu pertsona zarenik. Alde hemendik kaka egitera zuek dena
k.

Begiekin Udaltzainen burua ibili da bilatzen.

-- Oraintxe bertan Enparantzatik bota kanpora, txatarrero koadrila hau.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : ENPARANTZA, LA HAYAKO EPAITEGIAN

ALKATEAREN AURKA ERASOA


Bitartean dena geldirik dago. Zuhaitzek ezin dute Ezeiza auzotik mugitu. Astoak ezin du txanpainarik edan. Itziar eta Estherrek ezin dute paperak bildu.
Bertako biztanleek pazientzia galdu dutenean egoera aldatzen hasi da. Orain bai, orain Udaltzainek tarte bat egin dute beraien lerroan , Alkateak eroso hitz egin dezan.

-- Enparantzaren izenean esan behar dut, ez gaudela batere ados portaera hauekin. Wyllyans Anderea bazekien Hilezkortasuna zela aukera bat eta bestea heriotza. Mundu osoak daki, Txurreroen Enparantzan abereak ezin dutela Hilezkortasuna lortu.
-- Asto hiltzaile horrek
– senide batek haserre biziz – lortu du Hilezkortasuna. Nola eta zergatik?
-- Hori da Enparantzaren salbuespen bakarra eta zuek errespetatu egin behar duzue hori. Hemen Alkateak agintzen du, nik agintzen dut.
-- Zuk agindu ?–
dirudun gazteena Udaltzainetik metro batera ipini da – Noiz irabazi dituzu hemengo hauteskundeak ? Inoiz ez, zu diktadore bat zara.
-- Ni ez naiz diktadorea. Enparantza, nerekin eta Komiteko kide guztiekin, oso gustora dago. Zuek ez dakizue galtzen; pentsatzen duzue, zuen diru pila horrekin dena erosiko duzutela, eta ez, Txurreroen Enparantza, ez dago salgai!
-- Txurreroen Enparantza laister desagertuko da. Zuk ez baduzu Hilezkortasunaren formula, mundu guztiari erakusten, guk, mundu osoko demokratek lehertu egingo dugu hau dena.

-- Zuek ez duzue ezer lehertuko. Hilezkortasunaren formula ez da bakarra, badaude gehiago, saiatu bilatzen. Hainbeste diru baldin baduzue, gastatu ! Guk ,hiru biloi dolar inbertitu ditugu formula asmatzen.
-- Ez naiz harritzen
– orain arte isilik egon den dirudun bat – gaur bezelako lapurretak eginda!

Joxe Mariri ez zaizkio ezertxo ere gustatu azken hitz hauek. Lehen, aurpegi serioarekin baldin bazegoen, orain pentsa.

-- Hilezkortasunaren ekitaldia bukatu da. Hamar minutu dituzue Enparantzatik alde egiteko.

Dirudunek eta beraien senideek, oso gaizki hartu dute entzundakoa. Haserre bizian daude, ez dute onartzen Alkatearen erabakia.
Enparantzako mahaia saiatu dira puskatzen, ez dute lortu ordea. Udaltzainak berehala hasi dira lanean.
Hala ere, Tarantini Jaunak badauka zerbait esateko. Aspaldi zegoen Alkateari begira. Honek keinu bat egin die Udaltzainei mintzatzen uzteko.

-- Lapurtu egin diguzu eta orain lapurrak bezela kalera bota.
-- Ez, ez, ez zaituztet botatzen. Ekitaldia bukatu da.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : TXATARREROAK ENPARANTZATIK KANPORA

LEHEN EMAKUME BATEN HERIOTZA


Diruduna dagoeneko sartu dute kabinara. Sartzea arazorik gabe lortu dute, burua kabinatik kanpo uztea, beste kontu bat da.
Ile asko du eta bilduta daukanez, bere buruaren tamaina nahiko handia da. Ez dago arazorik, zuloa handiagoa egin eta kitto!
Astoa dena ikusten dago, nahiz eta amorru bizian egon, dena oso garbi ikusten du. Gaur duen tentsioak, ez dio buruan kalte egiten.
Eta Jaun- Andreak hemen dena prest dago Udaltzainek alde egin dute kabinatik eta orain bakarrik falta da, Alkateak baimena ematea astoa askatzeko.
Ze berezia izaten den momento hau!
Nik oso sentsazio arraroa daukat. Beste batzutan tokatu zait ikustea Hilezkortasunaren ekitaldia eta ez nuen gauza bera sentitzen…, nere ustez emakumea izatea, badu bere garrantzia.
Agian lehendabizikoa delako, gertatzen zait hau.
Beno lagun, isildu egin behar dut. Alkateak eman du baimena ekitaldia hasteko.
Starlux poliki baino pauso ziurrarekin, hurbildu da kabinara, lepoa luzatuz usaintzen du
Wyllyans Anderea. Honek ezin du disimulatu jasaten ari den beldurra, aurpegia marroi horizka jarri zaio, oso seinale txarra.
Astoa bigarren aldiz hurbiltzen zaio, oraingoan lepotik heltzeko, baino ez dio koskarik egiten, ez dago odolik, hala ere. Enparantza osoa garraxika dago, inork ezin du antsikabe gelditu.
Askotan gertatzen den bezela, batzuk eskuekin begiak estaltzen dituzte. Inork ez du ikusi nahi honen bukaera.
Badaezpada Udaltzain talde bat, ipini da, beste Udaltzain talde baten aurrean, ziurtasun neurriak, inoiz baino handiagoak dira.
Ekitaldia aurrera jarraitzen du. Starluxek lepotik tinko heltzen du, badirudi ito egin nahi duela eginahal handi batean, astoak lortzen du diruduna kabinatik ateratzea.
Wyllyans Andereak hartu duen golpea ikaragarria izan da!
Onena du lehenbailehen hiltzea. Astoak gero eta indar gehiagorekin estutzen dio lepoa.
Bere senideak lagundu nahi dute, beste dirudunen senideak ere, Udaltzainak ez dute inor mugitzen uzten.
Dena den, alferrik da. Jexus Mari Atorrasagastik eskua altxa du. Wyllyans Anderea hil da.
Segundo batzutan, bi edo hiru, ez gehiago, isiltasuna handia izan da, totala. Orain ordea, ezin da sinistu hemen dagoen istilua.
Begi gehienak Alkatea begira daude. Berak betiko itxura dauka. Seguraski bazekien zer zetorren eta prestatuta egongo da, ekaitzari aurre egiteko.
Lehen mugitu diren Udaltzainak, berriro joan dira Enparantzan dagoen mahai ondora, hortxe dago Alkatea.
Enparantzaren historian gaur izango da egun konplikatuena eta nahiko normala da. Astoak ez du gaur arte emakumerik hil eta kontuan hartzen badugu, ze adin zuen…….
Dirudunak zuzen zuzenean, Alkatearen bila doaz. Beraien atzetik senideak, eta bien erdian Udaltzainak daude. Dena ikusten eta zer egin jakin gabe Itziar eta Esther.
Komiteko bi kideek adi adi jarraitzen dute beraien aurrean gertatzen dena. Dirudunen hitzak oso garbi entzuten dituzte, badirudi bertan behera uzten dutela dena.
Hitz garrantzitsuak dira, baina ez dira hitz ofizialak, horregatik Komiteko bi kideek gelditu behar dute mahaiean. Hilezkortasunaren ekitaldia bukatzen da, dirudun denak astoaren aurretik pasatzen direnean edo Alkatearen aurrean, modu ofizialean, aitortzen badute, uko egiten diotela Hilezkortasuna lortzeko duten aukerari.
Beraz, arauak oso garbiak dira, baina hemen ez dakit nor gogoratzen den arauetaz.
Dagoen istilua beldurgarria da, senideek, batez ere jende gaztea, Alkatearengana nahi dute hurbildu, alferrik ordea. Bera babesten badaude gutxienez larogei Udaltzain, kontutan hartu gabe Enparantzan sakabanatuta dauden beste bi mila.
Senide gazte hauek aspertzen direnean, hasiko da benetako elkarhizketa.

-------------------------------------------------------------------------------------------------

hurrengo kapitulua : ALKATEAREN AURKA ERASOA

HILEZKORTASUNA BERRIRO PREST


Eta Hilezkortasunaren ekitaldia hastera doa. Dirudunak ipini dira mahai aurrean. Mahai inguruan eserita, Itziar Uzkiano eta Esther Yusta daude.
Itziar zutitu da. Ohi den bezela, dirudunen izen abizenak irakurri behar ditu. Zehaztasun txikiena kontuan hartzen da.

-- Jhon Tarantini.
-- Ni naiz.
-- Pauso bat aurrera eman mesedez eta ordaindu berrogei mila milioi dolar Enparantzari.

Estherrek dirua kontatu eta gorde ondoren, Tarantini Jauna bazterrea egin du piska bat.

-- Rakel Wyllians.
-- Ni naiz.

Komiteko bi partaideak protokoloa egiten ari diren bitartean, Alkateak irribartxu betetzen ari da ekarri duen maleta handia. Gaur, inoiz hartu ez dituzten neurriak ikusten ari gara. Joxe Mari babesteko, badaude gutxienez hogeita hamar udaltzain.
Berrehun mila milioi daramazki Alkateak, berak bakarrik dakien tokira. Momentu honetan, Udaletxean ez dago inor, Udaltzainek dena miatu dute. Hauxe da une aproposa dirua goxo goxo lotan uzteko.
Edozein gauza gertatuta ere, dirua leku ziurrean dago. Dirudunek badakite, nahiz eta atzera bota, ez dutela dolar bakar bat berreskuratuko.
Joxe Marik, seguraski inongo pistarik ez emateko, dirua gordetzen denbora piskat sartzen du. Dirua auskalo non dagoen, goiko ganbaran, bere gelan, zulo batean sartuta…
Hori da Txurreroen Enparantzako galdera magikoa. Non daude lau bilioiak ?
Nik pentsatzen nuen, Enparantzan dauden lagunak, diruari buruz ariko zirela mintzatzen, bai zera! Sekulako sestra sortu da dirudunen artean!
Inork ez du lehendabizikoa izan nahi. Orain arte, denak nahi zuten lehendabizikoa izan, agian astoa hasieran gozoago izango delakoan, orain berriz, teori hori dena hankaz gora jarri da.
Inork ez du, ez asmorik ez eta gogorik, astoaren aurrean lehena pasatzeko.
Eta zer egin?
Rakel Wyllians zain egon da, Alkatea jaitsi den arte. Tankera handiko emakumea dirudi. Urte asko izan arren, bizkor mugitzen da oraindik.

-- Aizu Alkate Jauna, hemen arazo bat dago eta zuk konpondu behar duzu. Gure artean inork ez du lehena izan nahi.
-- Lehena izan nahi zertan ?
-- Badakizu, astoak oso fama txarra du.
-- Beldurra duzue ?-
Joxe Mariri irribarre txiki bat ageri egin zaio.
-- Egia esango dizut, ni piskat kezkatuta nago.
-- Zergatik? Astoa ez da gaiztoa, zuzena da, besterik ez.
-- Ni ere zuzena naiz, gu denak gara zuzenak.
-- Denak zuzenak…, ederki okertzen dena bapo dago.
-- Ni ez naiz klase horretakoa. Ni iritisi naiz larogeita bost langile izatera eta ez dut inoiz arazo bat izan.
-- Orduan ze beldur duzu ?
-- Nik ez dut beldurrik!

Kemena badauka amon honek. Elkarhizketa bukatutzat eman du eta ekitaldirako prestatzen ari da. Zirti zart kendu du jertsea, orain oinetakoak aldatu ditu, eskuekin orraztu da piska bat eta badoa.
Kasta ezin zaio ukatu. Protokoloa hanka azpitik pasata, zurezko kabinaren aurrean zain dago. Udaltzainek ez dute inoiz horrelakorik ikusi.
Starlux bera harritu egin da. Emakume bat ez zaio inoiz aurrean jarri. Oso begirada okerra bota dio; eskerrak Wyllians Anderea ez dela konturatu.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : EMAKUME BATEN LEHEN HERIOTZA

GAUR DIRUA ZIUR


Azkenean, denak faltan botatzen genuena azaldu da. Txurreroen Enparantzako izarra: Joxe Mari Labaka, Alkatea.
Dotore dago Alkate Jauna; janzki berriarekin aurkeztu da denen aurrean. Ez da oso azkarra izan behar, konturatzeko pozik dagoela, oso pozik gainera.
Itxaropen handia dauka, dagoen krisia gaur bertan gainditzen hasiko dela. Normalean, ez bada hondamen handirik bat gertatzen, Enparantzak berrehun mila milioi dolar jasoko ditu.
Eta, Alkateak jasoko ditu. Horretarako maleta berezi bat dauka esku artean. Berezia da baita ere, Alkatearen inguruan jarri den Udaltzain piloa.
Orain arte haibeste dirutza jaso ez delako ondorioa da. Gaur, nahiz eta inork hilezkortasunik ez lortu, bost hilezkorgaiek aurreratu behar izan dituzten dolarrak, hemen geldituko dira.
Gaur dirua bermaturik dago. Igartzen da Komiteko kideen jarreran beste patxada, beste lasaitasuna. Langile, eta Udaltzainen artean berdin gertatzen da. Hemen, urduri, ernegatua dagoen bakarra Starlux da.
Edozein egunean ikusten zaio umoretxu, hara eta hona mugitzen; gaur ez da horrelakorik, gaur haserre aurpegiarekin geldirik dago.
Beti soinean daraman Manchesterren elastiko gorririk gabe dago. Nik ez dut Enparantzan inoiz ikusi elastikorik gabe.
Ez dakit gaur zer gertatuko den…
Badaezpada, Alkateak ordulariari begiradatxo bat eman dio eta bere keinua nabarmena izan da: ekitaldia hasi egin behar du eta oraintxe bertan.
Udaltzainak, Anaiak tabernaren ate aurrean kokatu dira. Dirudun handi hauek segundo batzuk dituzte tabernatik irteteko.
Hilezkortasunaren makinaria ezin da, ez gelditu, ez eta moteldu; behin hasi ezkero, jo ta ke, bukatu arte!
Astoa, disimulu gutxirekin, bere txabolararuntz eraman dute, zegoen lekutik oso metro gutxira pasa behar dutelako, gaurko bost dirudunek.
Hauek ere, mugitu dira, nahiz eta dezente kostata. Bost dira eta bostak zaharrak, hiru oso zaharrak eta horietatik zaharrena, emakumea.
Emakumeak ehun urteak ez ditu urruti izango, ez baldin baditu dagoeneko beteak. Beste bi, hortxe dabiltza eta azkeneko beste biak, larogeita bost inguruan.
Bizkarzainak Enparantzara sartzea debekatua dutenez, Udaltzainek laguntzen diete mahai ingurura hurbiltzen. Bertan, beraien senideak daude, ordainketaren unean laguntzeko. Dirudunak zaharregiak direnean, onartzen da senideen laguntza.
Diru asko jokoan dagoenean, badakite Komitekoek malguak izaten.
Beharko !!
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : HILEZKORTASUNA BERRIRO PREST

KRISIA BIZITZEN


SEIGARREN ATALAREN HASIERA
-------------------------------------------------------------------------------------------------

Enparantza lasaitu da. Bazen garaia ¡
Lau Haizetako langileak gustora daude, momentuz duten soldatarekin, hogei ta zazpi mila dolar. Etxe askotan sartuko dira hilero berrogeita hamalau mila dolar.
Ez dago batere gaizki. Ia ziur nago, Europan ez dela inon hainbeste irabazten, ez eta Alemanian ere.
Baina hori ez da dena; badaude beste gauza asko garrantzitsuak, onartuak izan direnak. Onartuak, gehiengo osoarekin noski, adibidez sexo totalaren programa.
Enparantzaren orobatasunak onartu du hogeita bost mila milioi dolar gastatzea eskeintza sexo atalean. Hilezkortasunaren salneurriarekin berdin, gehienak pentsatzen dute ona dela jaistea piska bat eta zuhaitzek Elizan lo egin ditzaten, primeran iruditzen zaie.
Gai horretan falta dana, Patxirekin adostasun ekonomiko batera iristea.
Ia ahaztu zait: Euliekin dagoen arazoa, oraindik hor dago, Patrixi goxoa jarriko litzake, beraien arazoa ahaztu ezkero…
Agian zer edo zer, aipatu gabe uzten dut, baliteke, hala ere ez da izango oso garrantzitsua, nere ustez behintzat.
Ikusten duzu lagun, Enparantzan poliki poliki arazoak konpontzen doazela; borondate eta pazientziarekin, helburu asko lortzen dira.
Ohi den bezela, Komiteak ipini duen jarduteko egitaraua, betetzen ari da. Lehengo astean, ehundaka gaiso izan dira etorri direnak. Gehienak europearrak dira eta ezagunak ditugun gaisotasunekin, minbizia, bihotzeko gaisotasuna, bizkarreko mina, tentsio altua, inpotentzia, ergelkeria, eta abar.
Ez genuen ustegabekorik izan. Ez nago ziur, baina uzten dut larehun eta larogeita bitik, bi ezik, beste guztiak sendatuak itzuli zirela etxera. Bi horiek berriro etorri beharko dute tratamenduarekin jarraitzea.
Egun ederra izan zen, baina, diru gutxi.
Jende asko, giro ona, umorea, txanpaina ito arte eta hala ere, gauean aurpegi luzeak.
Milioi bat dolar espero zuten jasotzea eta azkenean, justu justu erdiarekin konformatu behar izan zuten.
Oraingo krisia handia dela eta, batzuk edo gehienek agian, lurrean zeuden fruituak hartu zituzten eta nahiz eta berdin sendatu, ezin berdin kobratu.
Beno, hori pasa zen eta gaurko, zer edo zer handia prestatuta dago. Bost dirudun handi,
zenbat diru daukaten idearik ez duten horietakoak, Enparantzara etorri dira, denbora pasa Anaiak tabernan daude zurrutean, beldurra uxatu nahian.
Bitartean Komitekoak, Udaltzainak eta langileak, dena prestatzen ari dira. Zuhaitzak dagoeneko martxan daude Ezeiza auzo aldera. Udaltzainen laguntzarekin, beraien abiadura motela jarraituz, badoaz. Bakar bakarrik sagarondoak daude bere lekuan.
Komitekoak ez daude geldirik. Itziarrek eta Estherrek ia ia bukatu dute beraien lana; dena prest izango dute minutu batzuetara.
Jesús Mari Atorrasagasti eta Jesús Mari Ralla, Starlux zaintzen daude. Honek debekatua dauka txanpaina edatea. Ezin du alkohol tantarik edan.
Enparantzak hitza eman du, astoak ez duela gehiago alkoholik probatuko, ez bezperan ez eta Hilezkortasunaren egunean, ez behintzat ekitaldia amaitu arte.
Hemen neurriak gero eta estuagoak dira. Eta normala da, dirudun hauek kapital handia jokatzen dute eta ez hori bakarrik, askotan bizia ere bai.
Ikusiko dugu zer gertatzen den gaurkoan. Nik urduri ikusten dut jendea. Irribarre askoren azpian, zalantza pila ezkutatzen dira.
Beldurra, zaila da disimulatzen. Horretan abere denak gara baldarrak.
Abere berritxuak izan arren, guk ez dugu lortu, gure hipokresiaren makinaria hainbesteraino sofistikatzea.
Zer egingo dugu ? Saiatuko gara berriro.
Dirudunen senideak hasi dira Enparantzan kokatzen; gutxi dira aurreko lerrotan jarri direnak. Inork ez ditu ikusi nahi ekintza esatzeginak.
Hala ere, gaurkoa aurrera doa. Zuhaitz denak Ezeiza auzoan daude. Enparantzako arotzak hasi dira lanean, laister egongo da prest zurezko kabina.
Estherrek eta Itziarrek bukatu dute. Paperak txukun ipinita daude mahai gainean. Dirudunak agertzea besterik ez da falta. Gauzak aurreratzen joateko, Udaltzainek mahaia inguratu dute. Gaur, neurri denak gutxi dira.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : GAUR DIRUA ZIUR

SOZIALISMO ABERATSA


Ez dira oso ados jartzen Komitekoak, eta gehienetan bezela, bi jarrera daude. Horregatik hemen ez da inor harritzen.
Harritu ez dira egiten, baina kezkatu bai. Aurpegi luzeak ikusten dira, kopeta ilunak, zenbat bira ematen ari diren gaurko gaiari.
Gaia baino gehiago, arazoa da. Gaur bertan, irtenbide bat eman behar zaio langileen eskaerari. Horrelako arazo korapilotsuak daudenean, Joxe Marik zeharka begiratzen die Komiteko kideei.
Beti, zerbaitetaz konturatzen da. Gaurkoan ohartu da Ixabel urduri dagoela. Berehala lotu du..., sexoa ez da ogia...

-- Gaiso al hago Ixabel?
-- Ez oraindik , baina bai laister.
-- Zer dun ba ?
-- Zer dudan ? Ba, sexoa praktikatzeko botika, oso garestia dela. Afrikatik ekarri behar dukela hipopotamoen pisa berezia, ilargi betean, egunsentiaren hasieran egiten dutena; pisa hori nahastu behar duk urre hautsarekin...

-- Zenbat ?- Joxe Mari praktikoa da.
-- Denetara hogeita lau mila milioi dituk.
-- Ondo zegon, hori beharrezkoa dun. Hori behar dinagu, jendea animatzeko. Ikusiko dun, dirudun handi horiek jakiten dutenean, miloika urte martxan jarraituko dutela...
-- Ba ni ez negok batere ados
– Luis Marik ez du batere zalantzarik – diru hori hobe duk langileen arazoetarako erabiltzea.
-- Ba, ni bai, ados negok
– bere anaiak ez du segundo bat itxaron – oso ona duk eskeintza hori, jende asko etorriko duk hori jakitean. Bizitzea ez duk urte askotan irautea, baizik eta kalitatez handiarekin izatea. Bizi, goi mailako sexoarekin. Gure gizartean sexoa, zorionaren erdia duk.
-- Hori ez duk egia eta gainera, - bi anaiak hasi dira sestran - hona ez dik jendea etorri behar. Hona etorri behar ditek pertsonak, jendeak ez dik merezi hilezkortasunik, bestela hasiko gaituk etxetik. Eskeini Lau Haizetako langile guztiei, hilezkortasuna lortzeko aukera.
-- Zer esaten ari haiz motel
– Alkatea altxa da erabat urduri– hori Enparantzaren amaiera duk. Hik badakik ze dirutza beharko genikek hilero hilero ?

Luis Mari Ralla urte askotan sindikalista izandakoa, harridura aurpegiarekin begiratzen du Joxe Mari. Badirudi zee edo zer ez duela ulertzen.

--Galdera bat egin behar diat, bestela nik ezin diat aurrera jarraitu. Gu, Sozialistak al gaituk ?
-- Noski baietz ! - Luis Mari haserre altxa da mahaitik. Ostiko bat eman dio lurrean dagoen beira puska bati.
-- Joxe Mari zehaztu ezak hau behingoz : zer Sozialismo mota duk gurea?
-- Dagoen bakarra, ez zegok besterik: Sozialismo Aberatsa. Sozialismoa duk aberastasuna konpartitzea, horregatik ezinbestekoa duk oso aberatsa izatea.
-- Ni ez negok ados teori horrekin. Dirudun handi horiek, milioika urtetan larrua jotzea posible izateagatik, gure langileek ezin ditek soldata duin bat irabazi.
-- Hi Luis Mari, ez adi pasa. Gure langileek soldata duina baino gehiago irabazten ditek.


Aspaldi isili xamar zegoen eta oraintxe esnatu da Jexus Mari Atorrasagasti.

-- Ni ados negok Alkatearekin. Enparantzan etxe gehienetan, berrogei mila dolar sartzen dituk hilero. Europan inon ez dik irabazten langileak honenbeste.

Hori entzun ondoren, sekulako sestra antolatu da. Bi taldekoak jo ta ke hasi dira egundoko eztabaidan. Ez da lehendabizikoa eta ez da azkena izango, gertatzen dena da, gaur ezin dela gehiegi luzatu.
Gaur eztabaida motza izan behar du. Lau Haizetako langileak erantzun baten zain daude. Ezin zaie eduki orduetan itxaroten.
Alkatea isil isilik dago, itxaroten eta pentsatzen nola atera zulo honetatik. Ordularia begiratu,mahai gainera igo eta lehendabiziko erabakia hartu du:

-- Isil zaitezte mesedez !

Alferrik ordea. Hauek isilaraztea ez da erraza. Batik bat, bi anaiak tematzen direnean...

-- Isiltzeko denak !!

Gorri gorri dago Joxe Mari, aspaldi ez da hainbeste berotu. Halako batean isiltasuna nagusitu da. Pentsatzen nuen mahaitik jaitsiko zela baina ez, mahai gainetik bota behar du diskurtsoa.

-- Lau erabaki hartu dizkiat oraintxe bertan: Lehendabizikoa duk, langileei hogeita zazpi mila dolar ordaintzea hilero.
Bigarrena sexo totalaren programa onartzea.
Hirugarrena hilezkortasuna berrogei mila milioi dolarretan uztea. Etortzen diren guztiek kopuru hori ordaindu beharko ditek. Lortzen dutenek eta lortzen ez dutenek.
Eta azkenik, nere baserrira joatea bizitzea, aurreko beste hirurak onartzen ez badituzue.

Trebea da benetan Enparantzako Alkatea. Denak kontentu utzi ditu. Baita Lau Haizetako langileak ere.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
BOSTGARREN ATALAREN AMAIERA

hurrengo kapitulua : KRISIA BIZITZEN

LANGILEEK SOLDATA GEHIAGO NAHI


PLASTTTTTTTT !! PLASTTTTT !!
Zer izan da hori ?
Enparantzako Komitekoak mahai azpian sartu dira. Bi harri handi bota dituzte kanpotik eta bi kristal erabat txikituta daude lurrean barrena.
Hau sustoa ! Segundoak joan ala, egoera ari da bere onera etortzen. Bi kristal hautsiak utzi dituzten zulotik, zarata moduko zerbait sartzen da Udaletxe barrura.
Zarata gero eta handiagoa da. Badirudi kanpoan multzo handi bat dagoela kantari.
Komite osoa dago lehio ondoan; denek entzun nahi dute abesten ari direna. Azkenean balkoira ematen duen atea irekitzen dute.
Behin eta berriro errepikatzen dute lelo berbera. Momentu estuak ari dira bizitzen Komiteko kideak. Itxarotea alferrik da, irten egin behar da balkoira eta badoa aurretik Txurreroen Enparantzako Alkatea.
Balkoian dago Alkatea; hitzegin nahi du, baina ez diote uzten manifestarieak. Enparantza leporaino betea dago, gutxienez hiru mila lagun osatzen dute manifestazioa eta ez dute pentsatzen isiltzerik.
Aprobetxatuz Alkatea balkoian dagoela, zabaldu dute pankarta bat.

" GURE SOLDATA HOGEITA HAMAIRU MILA DOLAR HILERO"

Joxe Marik ez du sinistu nahi, begiak eskuekin tapatzen ditu. Erabat aztoratuta, batzar-gelan sartu da berriro.

-- Erabaki sakonak hartu behar dizkiagu eta hasi baino lehenago, Txanpain piskat edatea
ez ziguk batere kalte egingo. Erabaki lehorrak ez dituk oso herrikoiak.


Komiteko kideak, nahiz eta Txanpaina edaten egon, ez dute irritsu keinurik aurpegian. Zer edo
zer txarra sumatzen dute. Langileak oso haserre daude; nabarmena da duten amorrua, inoiz ez dute bota harririk Komitearen aurka.
Txanpainaren azken tragoa hartu ondoren, Borda baserriko semeak hartu behar du hitza.

-- Une larrian gaude, oso larrian. Lau Haizetako langileak, hogeita hamahiru mila dolar
irabazi nahi ditek.
-- Hik nola jakindu duk hori ?
– Itziarrek ezin du harridura disimulatu.

Baina ez da bakarra, besteak ere berdin xamar daude. Komite osoa dago lehiotik begira, pankarta goitik ederki irakurtzen da.
Edozein lekutik irakurtzen da ondo, gainera ez dago gehiago irakurri beharrik, bai batzuk eta bai besteak, buruz primeran ikasi dute.
Komitea berriro eseri da mahai inguruan. Beste bilera hastera doa.

-- Zer iruditzen zaizue langileen eskaera ?– Ohi den bezela Alkatea hasten da mintzatzen.
-- Neri oso ondo – Koldo Elizasu bota du berea – hemen lau bilioi baldin bazeudek, denetzat izan behar ditek.

Estherrek berehala altxa du eskua.

-- Haizak, Sozialismoa onartzen diat, denak aberatsak izateko; aldiz, denak txiroak izateko, hobe diagu zakar ontzira jaurtitzen bagara.
-- Lau bilioiekin-
Koldok bereari eusten dio - nola nahi dun txiroak izatea.
-- Lau bilioi ez duk ezer guretzat
– Itziarrek, Estherri lagundu nahian – guk, bi bilioi behar dizkiagu urtero.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : SOZIALISMO ABERATSA

BERREHUN MILA MILIOI DOLAR HILERO BEHAR


Oraindik hitzegin gabe dagoelako, Ixabeli eman diote hitza.

-- Zenbat diru da mordo hori?
-- Berrehun mila milioi dolar. Hori sartu behar dinagu hilero hilero ehun urtetan. Hara non zegon krisis hontatik irteteko gure irtenbidea.


Komiteko kideak hitzik gabe gelditu dira. Oso gogorra da beraientzat horrelakoak entzutea. Aurpegi goibelak ikusten dira bilera honetan.
Alkateak ez du triste itxurarik, Joxe Mari ez da errez itotzen. Badaki egoera zaila dela, baina ohituta dago ur nahasietan igeri egiten.
Berak Silargineneko errekan ikasi zuen igeritan.
Koldo Elizasu da itxaropen handia dutenen horietako bat. Askotan bere adorea garrantzitsua da bileretan. Enparantzako abokatua izan arren, diru kontutan ere sartzen da.

-- Enparantzan zenbat diru zegok?
-- Hori ezin diat erantzun.
-- Gutxi gorabehera lau bilioi dolar?.-
Koldoren bigarren galdera.
-- Hor nonbait…. -Alkateak irribartxu erantzun dio.
-- Orduan bazegok dirua- Jexus Mari Ralla sartu da ustegabean -zer esaten ari haiz ?
-- Lau bilioi dolar guretzat ez duk ezer. Hik zenbat urte dituk?
-- Hogeita hamahiru, gu denok bezelaxe.


Alkatea hurrengo galdera egin baino lehen, altxa egin da, zutituta egon nahi du, banan bana denak hobeto ikusteko.

-- Eta gu, zenbat urte biziko gaituk ?
-- Nik zer zekiat-
Jexus Marik ez du ondo ulertu galdera -miloi bat urte edo hamar milioi ?
-- Edo ehun miloi urte. Gu ez gaituk sekula hilko. Guk hilezkorrak gaituk, ezin dizkiagu planak egin mila edo hamar mila urtetara. Guk planak egin behar dizkiagu, epe luzera, baina oso oso luzera...

Enparantzako Udaletxea mutututa gelditu da !
Nahiz eta jakin hilezkorrak direla, badirudi Komitekoek ez dutela inoiz benetan pentsatu, zer den ehun milioi urte bizitzea. Eta normala da.
Dagoen isiltsuna ikusita, ematen du orain hasi direla buruari bueltak ematen. Inork ez du ezer esaten.
Egoera aldatzeko Joxe Mari berriro eseri da. Ziur nago ohartu dela, Komiteko kideak urduri xamar daudela.
Bera hotzagoa da, ez da bihotzarekin pentsatzen duenetakoa, dena buruarekin pentsatsen du eta hala ere, ausardia badu. Badaki arazoak konponbidea dutela eta hori lortu behar dela: arazoak konpontzea.

-- Gure artean bazegok norbait, dakiena nola sartu kaxan hilero berrehun mila milioi dolar.

Segundo batzuk pasa ondoren, emakume batek altxatzen du eskua: Ixabelek.

-- Buelta batzuk eman dizkiot asuntu honi eta nere konklusioa duk, gure Enparantzan oso garestia dela hilezkortasuna lortzea. Proposatzen diat merketzea, erdira jaistea prezioa.
-- Hori ez dun posible-
Jexus Mari Rallak berehala erreakzionatu du – merketzea askoz txarragoa dun. GareCursivastitu egin behar dinagu, bikoiztu prezioa, Munduko dirudun handienak etor ditzan , adibidez Ipar Ameriketatik.
-- Hori bai dekela errua- Ixabelek jarraitzen du – zenbat eta diru gehiago eduki, orduan eta zailagoa duk pertsona izatea. Starluxek denak hilko dizkik.
-- Ez dun arrazoirik – Jexus Marik ez dio sinisten - dirudun handi horiek, ez diten inongo harremanik langileekin. Oso lasaiak eta goxoak ditun.

Ixabelek jarraitu nahi du eta horretarako, baimena eskatu dio Alkateari, honek buruarekin baietza eman dio.

-- Horiek oso goxoak dituk, ez ditek inoiz koskarik egiten, baina beraien txakurrak, egunero eta egun osoa, pasatzen ditek langileei lepotik koska egiten.
-- Ez gaituk hasiko gure artean sestran – Joxe Mari sartu da tartean – beste norbaitek, badik zerbait buruan? Aukera denak aztertu behar dizkiagu.


Inork ez du ezer esaten. Seguraski denbora gehiago behar da, planteamentu txukuna egiteko.
Segundo batzuk igaro ondoren, Luis Mari Rallak hartu behar du hitza.

-- Nik idei bat badiat buruan bueltaka...
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : LANGILEAK SOLDATA GEHIAGO NAHI

DIRU FALTA


Ohi den bezela, Borda baserriko semeak hartzen du hitza.

-- Egun on denori. Hasiko nauk esaten, Zorionez lehengo eguneko sustoa, horixe izan zela, sustoa bakarrik. Bestela Enparantzan gauzak erdipurdi zijoaztek. Ezin diagu ezkorrak izan, baina oso baikorrak ere ez. Egoera duk dena, ez zegok besterik.

Alkatea isildu denean, bata besteari begira daude Komiteko kideak. Ez da luzerako izango isiltasun hau.
Jexus Mari Rallak berehala eskua altxa du.

-- Joxe Mari, ez duk ezer esan. Ezin diagu baikorrak izan, egoera duk dena, guk zer ulertu behar diagu horrekin ? Hik, Enparantzako Alkate bezela, esan behar duk, dirua badagoen ala ez ? Hori duk, guk entzun nahi duguna.
-- Hik beti egiten didak galdera berdina. Hemen dirua bazegok, ez zegok mundu osoan, hain metro gutxitan, hainbeste milioi dolar, baina hori ez duk kontua. Kontua duk, hilero dirua galtzen dugula, ez dekela sartzen, guk behar adina.
-- Nola ezetz ! Hilezkortasunaren azken egunean-
Esther azkar berotu da -jaso genizkian
berrogei mila miloi dolar. Non zeudek diru horiek ?
-- Hori ez dun dirua Txurreroen Enparantzan. Badakin zenbat diru behar dinagun guk hilero hilero ?
Alkatearen galdera ustegabean hartu du Esther. Pentsatzen dago zer erantzun edo ez erantzun. Beste kide denak gustora entzungo lukete kantitate bat.
Esther isildu egin denez, Alkateak berriro hartzen du hitza.

-- Hauxe duk gure aurrekontua hilero: Ehun ta hamabi mila milioi dolar.
Diru asko da, neu ere harritu egin naiz. Komiteko kideak, batzuk, aho zabalik daude oraindik. Itziar Uzkianok buruarekin ezetz eta ezetz esaten darrai eta beste taldekoak, zeren hemen bi talde daude, ez dute hainbeste harridurarekin hartu.
Harritu edo ez harritu, eztabaida piztu da.

-- Joxe Mari, posible duk piskat zehaztu- Luis Mari Rallaren txanda da- non joaten deken diru pila hori ?
-- Non joaten..., esnearen fakturan adibidez. Holandatik esnea ekartzea oso garestia duk. Martini bezela, Italiatik ekartzen diagu, Frantziatik Moet Chandon ekartzen diagu eta ez duk batere Txanpain merkea eta guk hemen hortzak garbizeko erabiltzen diagu. Beno, baita ere edateko eta dutxatzeko. Gero bazeudek beste kontu batzuk..., soldatak handiak dituk, non irabazten dik langile batek, hogeita bi mila dolar ?

Galdera hori inork ez du erantzun, baina bilera jarraitzen du eta badago norbait zerbait galdetzeko edo zerbait esateko gogoarekin. Jexus Mari Atorrasagasti da.

-- Ez baldin baduk nahikoa sartzen, metatik ari gaituk dirua hartzen. Ez al duk hobea, esnea beste nonbaitetik ekartzea edo txanpain merkeagoa erostea ?
-- Esnea derrigor izan behar dik Holandakoa, hor ez zegok ezer egiterik, bestea esan dekena, Txanpaina merkeagoa erostea...,zer bukatu behar diagu, pitarra edaten ?

Jexus Mari Mirasungoa erabat harrituta gelditu da erantzun horrekin.

-- Txanpain Frantsesetik pitarrara, bazegok tarte ederra! Ez duk adarrik jo behar.
-- Bai, bazegok tartea, ez diat adarrik jo nahi. Dena den, hori ez duk garrantzitsua, hemen garrantzitsuena duk hilero hilero, diru mordoa sartzea.
Bapatean hiru edo lau esku altxa dira batera, denak dakigu zer galdera datorren orain.
-------------------------------------------------------------------------------------------------