STARLUX


Ez dakit nondik hasi explikatzen asto honen historia.
Luzea eta beldurgarria da benetan.

Duela urte asko, ni haurra nintzenean, Altzan bizi nintzen, Sindikato etxean. Gure auzoan bazeuden eta badaude oraindik baserri batzuk; horietako bat, Sius da. Baserri hau Sindikato ondoan dago, bidea pasa eta Siusen zaude. Normala den bezela guk harreman handia genuen, bai gurasoekin, bai seme-alabekin. Pili, gazteena nere adinekoa da.

Egun batean, beste askotan bezalaxe, Juan Zurutuza, baserriko aita eta ni, belarra moztea joan ginen; bera segarekin eta ni eskobariarekin. Juan, hasia zen segatzen eta ni hasieran begira nengoen lasai,. Erreparatu nintzen Starlux (Siuseko astoa) gure ondoan zegoela. Nik ez nion bestelako garrantzirik eman, ez bait zen lehendabiziko aldia. Ni, etxeko besteak bezalakoa nintzen.
Pasa ziren minutu batzuk, ni hurbildu nintzen piskat gehiago eta bapatean, izterretik heldu ninduan. Juanek suertatutakoa ikusi zuenean, hor hasten da eroa bezela astoari jotzen. Astoak ni askatzen ez ordea. Sardea hartu eta lepotik sartzen zion behin eta berriro; odola botatzen hasi zen, gero eta gehiago. Horri eskerrak zeren bestela ez ninduan utziko alde egiten.
Askatu nintzenean, Juanek begiratu zidan izterra eta ez nuela ezer esan zidan, lasai egoteko. Lasai, ez nengoen oso lasai.
A zer sustoa eman zidan asto atorrante horrek ! Juanek ez zuen sustoa bakarrik hartu, berak disgustoa ere hartu zuen eta ez txikia. Astoari sekulako egurra emanda, lortu zuen Starlux lurrera botatzea. Astoa nahiko gaizki zegoen, eta orduan iritsi zen hiltzeko momentua.
Sega ondo zorroztu ondoren, lepoa moztu nahian aritu zen, baina ez zen lan erreza. Starlux mugitu egiten zen. Geldik egon ezkero ba zekien zer zetorkion. Odolez blai egon arren, ez zegoen hila, bizirik zegoen oraindik. Beste saiakera bat egin beharra zegoen . Juan prestatu zen eta astoak bazekien bere bukaera zela. Berriro arrantzaka hasi zen, sekula baino indartsu. Ez dakit nondik ateratzen zituen indarrak. Bere heriotza oso hurbil zegoenean, Antxoni, Juanen emaztea, hor azaltzen da garraxika malda behera.

--Juan, Juan !!

Bere senarra jiratu egin zen. Antxonik segundo batzuk irabazi zituen.

--Ez hil , ez hil!!

Sekula ez dut ikusi Antxoni hain urduri, ezin zuen hitzegin. Ahal zuen bezela moldatu zen.

--Ez hil mesedez !!
--Ba al dakizu zer egin duen? Santitxori ia-ia hanka mozten dio.
--Bai, bai, pentsatzen dut zer edo zer larria egin duela. Zu horrela jartzeko!
--Larria ? Hamar urteko haurrari hanka moztea !!
--Etxetik botako dugu, baina ez hil mesedez.
--Etxetik bota bai, baina itsasora !!
--Juan utzi ezazu Starlux nere eskuetan, nik bilatuko diot beste lekuren bat.

Eta horrela ekarri zuen Antxonik , Starlux, Txurreroen Enparantzara.
Geroztik hemen bizi da. Errefuxiatu bat bezela bizi da, hemendik inora joan ezinik.
Hasieran egon ziren arazo batzuk, zeren ez zekiten ze baimen eman; errefuxiatuarena baina, zer errefuxiatu motarena ?
Azkenean Joxe Marik eman zion titulua: Errefuxiatu Soziala eta kitto.
Eta eskerrak Errefuxiatua dela, bestela espetxean egon beharko luke.
La Hayako epaitegian, erdi-erdian bere argazkia dago. Ez dakit zenbat aldiz saiatu diren atxilotzen, gutxienez, hogei bider bai.
Starluxen aurka ezin dute ezer egin; hemen abereen demokrazia ezin du sartu. Txurreroen Enparantza Errepublika Independientea da, eta hemen agintzen duena Alkatea da : Joxe Mari Labaka.
Lasai bizi da bai, Antxoniren astoa. Badaki hemendik ez dutela inora eramango; gainera neurri batean maitatua sentitzen da. Hemen bertan ez du inongo arazorik, baina hemendik kanpo, harakin handi bat bezela ikusita dago. Ez da inora joaten eta kitto.
Bere txabolan oso zoriontsua da. Nahiko handia da berarentzat, beti oso garbia edukitzen du, jan eta edan primeran egiten du, osasuna kristorena dauka, hogeita hamairu urte besterik ez ditu, eta zer gehiago behar du ?
Gauza bat ez zaio batere gustatzen. Lepoko orbainak erakustea edo norbaitek ikustea. Hori ezin du jasan: zer amorru hartzen duen !!
Manchesterren elastiko gorria erabiltzen du beti jantzita; goizero, jazten du elastiko garbia bat. Txabolan ba ditu gutxienez hogeita hamar. Txabolaren atean Boby Charltonen argazkia dago. Manchesterren jarraitzaile sutsua da.

-------------------------------------------------------------------------------------------------