SOZIALISMO ABERATSA


Ez dira oso ados jartzen Komitekoak, eta gehienetan bezela, bi jarrera daude. Horregatik hemen ez da inor harritzen.
Harritu ez dira egiten, baina kezkatu bai. Aurpegi luzeak ikusten dira, kopeta ilunak, zenbat bira ematen ari diren gaurko gaiari.
Gaia baino gehiago, arazoa da. Gaur bertan, irtenbide bat eman behar zaio langileen eskaerari. Horrelako arazo korapilotsuak daudenean, Joxe Marik zeharka begiratzen die Komiteko kideei.
Beti, zerbaitetaz konturatzen da. Gaurkoan ohartu da Ixabel urduri dagoela. Berehala lotu du..., sexoa ez da ogia...

-- Gaiso al hago Ixabel?
-- Ez oraindik , baina bai laister.
-- Zer dun ba ?
-- Zer dudan ? Ba, sexoa praktikatzeko botika, oso garestia dela. Afrikatik ekarri behar dukela hipopotamoen pisa berezia, ilargi betean, egunsentiaren hasieran egiten dutena; pisa hori nahastu behar duk urre hautsarekin...

-- Zenbat ?- Joxe Mari praktikoa da.
-- Denetara hogeita lau mila milioi dituk.
-- Ondo zegon, hori beharrezkoa dun. Hori behar dinagu, jendea animatzeko. Ikusiko dun, dirudun handi horiek jakiten dutenean, miloika urte martxan jarraituko dutela...
-- Ba ni ez negok batere ados
– Luis Marik ez du batere zalantzarik – diru hori hobe duk langileen arazoetarako erabiltzea.
-- Ba, ni bai, ados negok
– bere anaiak ez du segundo bat itxaron – oso ona duk eskeintza hori, jende asko etorriko duk hori jakitean. Bizitzea ez duk urte askotan irautea, baizik eta kalitatez handiarekin izatea. Bizi, goi mailako sexoarekin. Gure gizartean sexoa, zorionaren erdia duk.
-- Hori ez duk egia eta gainera, - bi anaiak hasi dira sestran - hona ez dik jendea etorri behar. Hona etorri behar ditek pertsonak, jendeak ez dik merezi hilezkortasunik, bestela hasiko gaituk etxetik. Eskeini Lau Haizetako langile guztiei, hilezkortasuna lortzeko aukera.
-- Zer esaten ari haiz motel
– Alkatea altxa da erabat urduri– hori Enparantzaren amaiera duk. Hik badakik ze dirutza beharko genikek hilero hilero ?

Luis Mari Ralla urte askotan sindikalista izandakoa, harridura aurpegiarekin begiratzen du Joxe Mari. Badirudi zee edo zer ez duela ulertzen.

--Galdera bat egin behar diat, bestela nik ezin diat aurrera jarraitu. Gu, Sozialistak al gaituk ?
-- Noski baietz ! - Luis Mari haserre altxa da mahaitik. Ostiko bat eman dio lurrean dagoen beira puska bati.
-- Joxe Mari zehaztu ezak hau behingoz : zer Sozialismo mota duk gurea?
-- Dagoen bakarra, ez zegok besterik: Sozialismo Aberatsa. Sozialismoa duk aberastasuna konpartitzea, horregatik ezinbestekoa duk oso aberatsa izatea.
-- Ni ez negok ados teori horrekin. Dirudun handi horiek, milioika urtetan larrua jotzea posible izateagatik, gure langileek ezin ditek soldata duin bat irabazi.
-- Hi Luis Mari, ez adi pasa. Gure langileek soldata duina baino gehiago irabazten ditek.


Aspaldi isili xamar zegoen eta oraintxe esnatu da Jexus Mari Atorrasagasti.

-- Ni ados negok Alkatearekin. Enparantzan etxe gehienetan, berrogei mila dolar sartzen dituk hilero. Europan inon ez dik irabazten langileak honenbeste.

Hori entzun ondoren, sekulako sestra antolatu da. Bi taldekoak jo ta ke hasi dira egundoko eztabaidan. Ez da lehendabizikoa eta ez da azkena izango, gertatzen dena da, gaur ezin dela gehiegi luzatu.
Gaur eztabaida motza izan behar du. Lau Haizetako langileak erantzun baten zain daude. Ezin zaie eduki orduetan itxaroten.
Alkatea isil isilik dago, itxaroten eta pentsatzen nola atera zulo honetatik. Ordularia begiratu,mahai gainera igo eta lehendabiziko erabakia hartu du:

-- Isil zaitezte mesedez !

Alferrik ordea. Hauek isilaraztea ez da erraza. Batik bat, bi anaiak tematzen direnean...

-- Isiltzeko denak !!

Gorri gorri dago Joxe Mari, aspaldi ez da hainbeste berotu. Halako batean isiltasuna nagusitu da. Pentsatzen nuen mahaitik jaitsiko zela baina ez, mahai gainetik bota behar du diskurtsoa.

-- Lau erabaki hartu dizkiat oraintxe bertan: Lehendabizikoa duk, langileei hogeita zazpi mila dolar ordaintzea hilero.
Bigarrena sexo totalaren programa onartzea.
Hirugarrena hilezkortasuna berrogei mila milioi dolarretan uztea. Etortzen diren guztiek kopuru hori ordaindu beharko ditek. Lortzen dutenek eta lortzen ez dutenek.
Eta azkenik, nere baserrira joatea bizitzea, aurreko beste hirurak onartzen ez badituzue.

Trebea da benetan Enparantzako Alkatea. Denak kontentu utzi ditu. Baita Lau Haizetako langileak ere.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
BOSTGARREN ATALAREN AMAIERA

hurrengo kapitulua : KRISIA BIZITZEN