AMERIKETARA NOA


Aita, beti bezela gosaria prestatzen ari zala , han azaltzen da Josetxo maleta handi batekin. Aita erabat harritu zen, igandetarako jantziekin bait zetorren.

--Nora joateko asmoa daukak horrela jantzita ?
--Ameriketara.

Anastasio Ezeizak bere bizi osoan ez zuen horrelako belarrondokorik jaso. Mahai ondoan eseri zen oso goibelduta. Segundo batzuk behar izan zituen erreakzionatzeko.

--Zer duk seme, ez hago gustora etxean ?
--Bai, baina ez da hori.
--Zer duk ba orduan ?
--Ni ez naiz jaio baserrian bizitzeko, ni aberatsa izateko jaio naiz, oso aberatsa
--Ni ere, baino posible izatea beharra zegok. Hik nola pentsatzen duk aberastea ?
--Ni, marraskiluen laisterketetan.
--Hi ez hago burutik ondo ! Horrela ez duk inor aberasten motel !!
--Ni aberastuko naiz, eta besteak egiten dutenarekin, niri bost axola !!

Josetxok oso ziur erantzun zion aitari, baita honek ongi konturatu ez zebilela txantxetan. Gogo handirik gabe jarri zuen gosaria mahai gainean. Ez aitak, ez semeak , ez zuten batere jateko gogorik. Bientzat, oso egoera desatsegina zen eta zerbait jaten hasi ziren.

--Noiztik daukak idei hori buruan ?
--Aspaldidanik aita. Zuk uste duzu, ni gorputz honekin, hemen geldituko naizela, hain diru gutxi irabazten. ?
--Hiri ez zaik ezer falta.
--Baina ez dala hori, esan dizut lehen. Nik diru asko nahi dut irabazi, asko !
--Hire aitona biziko balitz !
--Aitonari berdin berdin hitzegingo nion eta berdin berdin joango nintzen Ameriketara. Batzuk txantxangorriak izateko jaiotzen dira eta beste batzuk arranoak..

Ezeiza Jaunak platera alde batera utzi, eta edalontzia goraino bete du. Edateko eta erretzeko gogoak dauzka. Gizarajoak urtetan ez da hain gaizki sentitu. Josetxok, tristurarekin begiratzen du. Etxetik alde egiteko gogoa dauka, baino horrela ezin alde egin. Beste modu batera nahiko zituen agurtu aita eta baserria.
Aitak, igandetan erretzen duen zigarro puru horietako bat piztu du. Semeak, berdina egiten du. Tentsio handiko unea da. Biak, elkar begira darraite, alde egingo duen azkeneko segundoa eutsi nahian

-- Egun batzuk, norabaitera pasatzera joan nahi baduk, joan adi lasai.
--Ez dudala nahi horrelakorik. Nahi dudana, Ameriketara joatea da, eta han, urte pare batetan, aberastu .
--Ba, hori bada, hik egin nahi dukena, nik, zer esango diat ba. Ez gaitukela gehiago elkar ikusiko. Horrek ematen zidak amorrua. Amorrua eta pena handia.
--Aita, ni maiz etorriko naiz. Orain, hasieran, ezin izango dut, baino gero astero hemen izango nauzu
--Baina zertan ari haiz ?. Nola etorriko haiz astero ,astero ?. Hik zer uste duk, Amerika, Astigarragaren bueltan dagoela ?
--Berdin da non dagoen, hegazkinez segituan iristen zara edozein lekura
--Hori oso garestia duk
--Ez da niretzt izango , aita. Ni nere hegazkinean etorriko naiz
--Hire hegazkinean, baserrira !
--Noski ! Aireportua egingo dugu eta kitto !
--Hik aireportua egin ? Aireportua , non egin ?
--Behar bada, sagastian. Sagastia kendu, eta beheko soruan ormigoia botatziarekin nahikoa izango da..
--Hi Josetxo, gau pasa egin al duk ? Nola nahi duk nik sagastia kentzea, betidanik, baserri honetako sagardoa eman digun sagastia !!
--Sagardoa ez da garai honetako edaria, orain txanpain frantsesa edaten da. Alde ederra dago, goizean goiz jeiki eta txanpain freskoa edan.
--Hi ez hago gaur burutik sano ! Zer nahi duk, daukadan adinarekin, ni txanpaina edaten hastea ?. Bizi osoan baserri honetan sagardoa edan diagu !
--Nahi duzuna egin gizon, munduan zer aldaketak diren erakutsi nahian ari naiz.

Mahaitik altxa da Josetxo. Isilean, azkeneko gainbegirada ematen dio bera jaio den baserriari. Pozik doa, baina aurpegian tristura punttu bat dauka. Aita, erdi negarrez dago. Malkoak gorde behar ditu , semeak ohar ez dadin.
Etxe aurrean dago Josetxo; eskuan, ongi helduta, maleta dauka.

--Aita, non zaude?
--Hemen, komunera joan nauk..
--Beno, joateko ordua iritsi zait.
--Ez zekiat gehiago ikusiko gaituken.
--Ez zaitez hasi berriro, esan dizut etorriko naizela eta etorriko naiz. Gertatzen dena...
--Zer duk orain ?
--Ez al duzu ikusten zimaur pila ! Ni jende dotorearekin etorriko naiz eta...
--Eta zer ! Jende dotore horrek probatuko dik zer den zimaur usaina. Gainera hi ze bihurtu haiz egun batetik bestera, odol urdinekoa ?
--Aita, odolari, diruak ematen dio kolorea.

Josetxok, berriro hartzen du maleta eta oraingoan bai, oraingoan oinez abiatzeko prest dago. Aitak, eskutik heltzen du.

--Egoskorra haiz, idi alferra baino egoskorragoa haiz. Horregatik ez nauk harritzen hi aberastea, baino gauza bat esan behar diat: "ez adi sekulan ahaztu herri txiki honetaz , ez eta baserri honetaz".
--Egon lasai aita, herri txiki hau eta baita ere gure baserria beti eramango ditut bihotzean, nahiz eta Ameriketako gizon aberatsena bihurtu.

Aitak azkenean ezin izan du ekidin negar egitea. Bere semea badoa, bere seme bakarra. Zenbat malko botako dituen oraindik gizon honek. Josetxok, hartu du Pasaiako bidea. Altzako plaza aurrean gelditu da, badirudi azken agurra eman nahi diola. Begiradak, batera eta bestera. Frontoiari , elizari eta azkenez, enparantzako zuhaiztian dagoen harriari. Zenbat aldiz etxeko idiekin laztandu duen harri hori !.
Joan beharra dago. Zain dago itsasontzia eta hiru aste barru, Amerika..
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua: BOSTON