POZA ETA BELDURRA

Nahiko ahula iruditu zait Komiteak egin duen idatzia. Ez du ezer zehazten, dena asmatu egin behar da. Adibidez zenbat hodei izango dira? Noiz arte datoz?
Nere ustez Komitean beste norbait falta da. Norbait serioa, beti gainean dagoena, disziplinatua eta arduraduna. Gertatzen dena, ez dagoela mundu osoan beste inor hilezkorra denik eta Joxe Marik ez duela onartuko beste gastutan sartzea.
Hala ere, etxeko lehioak ari dira irekitzen, idatzi epel horrek lortu du zertxobait, badirudi jendea animatzen doala apur bat. Seguraski ekitaldietan parte hartzeko gonbidapena…
Beldurra ekiditeko onena, lo egitea da eta nola egiten da lo primeran? Martini batzuk hartuta. Dozena bat Martinirekin, lasai sartu ohean, alferrik jarriko dituzte aldameneko gelan hiru lehergailu atomiko. Ez zara ezertaz jabetuko.
Baita ere esan behar dut, Martinia ez dela horretarako ona bakarrik, esnatzeko ere oso ona da, edari gozoa eta freskoa, dastatzera etorri Enparantzara, hemen gainera dohainik…
Ez dakit alkoholaren eragina den edo zer, baina iruditzen zait, bapatean ilundu egin duela dezente. Gauza arraroa benetan, ez zait inoiz gertatu. Arratsaldeko seirak dira eta badirudi, gaueko hamarretan bizi garela.
Eta ez naiz bakarra, haur batek nere begien aurrean, amari esan dio etxera joan nahi duela, harrigarria benetan. Zortzi edo bederatzi urteko mutilkoskorrak, ez du gogorik izaten hain goiz etxera joateko, ez badago gaisorik behintzat.
Hemen zer edo zer arraroa ari da gertatzen eta ni ez naiz jabetu oraindik…haurrek bakarrik ez dute etxera joan nahi, helduek ere. Famili osoak alde egin dute.
Alde egin ez duena gora begira dago, goien badago zerbait ohikua ez dena…ahhhhhhh
bi hodei ihesi doaz Enparantzako zerutik.
Hau bai dela ikusgarria!! Ikusgarria eta beldurgarria. Zeruan egundoko zuloa dago, zulo marroi bat.
Ez dakit zer egin lagun, beldurra daukat. Etxera joango nintzateke gustora, Endaia leku segurua da, baina nork kontatuko du hemen gertatzen dena ?
Hemen gertatzen dena, sinestezina da, badakit, baina gertatzen da, hemen bakarrik.
Gelditu egingo naiz, ordago handira!! Hil baino gehiago ez dut egingo.
Enparantza uztu eginda, ez dago inor. Starlux txabolan ezkutatuta da eta Komitekoak beste hainbeste. Hau panorama Jaun-Andreok!
Lasaitu egin behar naiz, lasaitu eta pentsatu. Badakit, Itziarren plana aurreratu egin da, hori da dena. Gaur egun, dena oso hurbil dago, Costa Rica hortxe dago, Donibane Lohitzunen ondoan.
Ihesi joan diren hodeiek, ikusi egin dituzte beraiek ordezkatzera datoztenak eta beldurtu egin dira ; ez dute kolpe handi bat hartu nahi, hori da dena, ez dago besterik.
Eta normala da. Ameriketatik datozten hodeiak, hodei gazteak, ematen dizute kolpe txar bat eta auskalo, zer gerta daiteken.
Egia esan, ez dakit zer gerta daiteken gehiago. Enparantzan ez da ezer ikusten, munduko erreferentzia dena edo izan behar duenaren erdi erdian ez dago argirik. Hauxe da momentua txurro batzuk jateko.
Eta okerrena ez da hori, okerrena da ilunpearekin batera isiltasun ikaragarria dagoela, ez da ezer entzuten, badirudi basarmortuaren erdian gaudela.
Gaudela esan dut, zeren Stalux eta ni bakarrik gaude Enparantzan. Duela hiru bat ordu alde egin du azkenak eta geroztik….

POMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMM...

--Hostiaaaaaaaaaaaaaaa. Zer izan da hori?

POMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMMM...

Hau beldurra. Pentsatu nahi dut, hodeien arteko kolpea izango dela, bestela hau munduaren bukaera da.
Ez dut nere bizi osoan horrelako estandarik entzun, ikaragarriak benetan!!
Ba noa astoaren txabolara korrika. Bapatean sekulako euri zaparrada botatzen hasi da.
Astoak, nik baino beldur gehiago dauka, gizarajoa hortxe dago txoko batean ezkutatua.
Atea ez dut itxi, utzi dut zirrikitu bat, tarteka begiratzeko ea kanpoan zer gertatzen den.
Bitartean Starluxekin egongo naiz. Beraren ondoan nagoela, etortzen zaizkit haurtzaroko kontuak burura eta horrela beldur gutxiago sentituko dut.
Zaila iruditzen zait, gau honetan beldurra gorputzetik astintzea. Ez da egunero gertatzen dena, horrelako estandak entzutea.
Momentu larrietan ere, ordulariak badaki aurrera egiten eta arriskua desagertzen joaten da. Formula hori balio du Endaian, Altzan eta Kanadako herri txikienean.
Nere gauzetan galduta nabilela, ez naiz konturatu Starlux erabat kizkurtuta dagoela, ez dut inoiz ikusi hain beldurtua. Zerbaiten susmo txarra dauka.
Zirrikitutik begiratuta ez da ezer igartzen, lehengo ilunpe berbera dago. Ederki kostako da, Enparantzak betiko argitasuna berreskuratzea.
Dena pentsatuta bezela ateratzen bada, tira, hor nonbait, okertu ezkero hasiko dira komeriak eta horrek bai kezkatzen nauela.
Enparantzak ez ditu biztanle asko, baino bat bakarra hiltzea larria da, oso larria, famili bat puskatuta gelditzen da urte askotarako.
Starluxek sekulako erreakzioa eduki du, zutitu da bapatean, urduri dago. Ni ere urduri nago, zertarako ibiliko naiz antzerkia egiten. Hor kanpoan zerbait handia gertatzen ari da, derrigorrez begiratu behar dut.
Enparantza erdian milioika eta milioika euli daude, beno pentsatzen dut euliak direla, zer ote dira bestela?
Euliak dira bai, zalantzarik gabe, izarrak beltzez margotzen nenbilela ezagutu nuen musika hori.
ZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZZ
Momentu honetan Enparantza ikatz meategia bihurtu da, ez dago munduan ezer hau baino beltzagoa. Eta okerrena da marea beltz hori, honuntz datorrela.
Ez zait iruditzen Patrixik hitza bete duenik, hemen ez daude hamabost milioi euli, gutxienez ehun milioi badira. Ikaragarria da lagun hemen dagoen espektakuloa!!!
Ezin dugu ihes egin eta txabola ondo tapatuko dut. Bihar agian, Eguzkia aterako da.
-------------------------------------------------------------------------------------------------hurrengo kapitulua : BIZITZAKO GAU LUZEENA