EGITASMOA AURRERA DOA


Normala den bezela, Patxik hasi behar du hizketan.

-- Gutxi gorabehera bazekiat zuek zer nahi duzuten eta ez diagu denbora alferrik galduko. Beraz, pasako gaituk nola pentsatzen duzuen egitea klinika hori.
-- Gure asmoa duk –
Joxe Marik hartu du hitza – Elizaren azpian zulo handi bat egin, hormigoizko zutabe sendoekin noski eta hortxe Klinika kokatu.
-- Udaletxearen azpian ezin duzue zulorik egin?
-- Ez duk posible, lehergailu atomikoen aurkako zuloa diagu egina.


Patxik ez zuen espero horrelakorik, baina ez du ezer esan. Nahiago du lasai jarraitu, Enparantza toreatzen ederki ohituta dago.

-- Elizaren azpian zuloa egitea legez kanpo zegok.
-- Jesukristok ez ziken ezer esan zuloei buruz.
-- Jesukristo ez zegok Vatikanoan. Beno bazegok, baina ulertzen duk.


Artxipi isil isilik dago eta girotu egin nahi du bilera.

-- Bide horretatik ez goaz inora, bai Elizari eta bai Enparantzari komeni zaie Klinika egitea, beraz goazen dauden ostopoak kentzea.
-- Ostopoak ez zeudek –
Apaiza hasi da bere eskola trebeena erabiltzen - zeudek ikusmira ezberdinak.
-- Hamar bilioi eta kitto. Hik kobratzen duk diru hori eta Klinika gurea duk. Ez zegok gehiago hitzegin beharrik.
-- Hi Joxe Mari poliki joan behar diagu. Hemendik mila miloika urtera Eliza hemen egongo duk. Gauzak tajuz egin behar dizkiagu.

-- Zer esaten ari haiz, diru gutxi dela?
-- Noski. Hori ez duk ezer. Nik ezin diat Elizaren zati handi bat, uskeri horretan alokatu.
-- Eliza gurea duk Patxi, Enparantza osoa gurea duk eta hala ere hartuko dituk hamar bilioi. Nola izango duk gutxi.
-- Ez gaituk hasiko betiko komeriekin. Eliza ezin dik izan Enparantzarena, Eliza Jaungoikoarena duk eta Enparantza ere.
-- Eta non dituk ordainketaren agiriak. Gu mundu honetan bizi gaituk, nik badizkiat paperak demostratzen dutenak Joxetxo Ezeizak Txurreroen Enparantza erosi zuela.
-- Hi nongo eskolara joan haiz, hik ez duk ikasi Jaungoikoarena dela dena, berak ematen digula bizia eta berak kentzen digula.
-- Ari zarete bira eta bira inongo emaitzarik lortu gabe, hobe diagu beste zerbait asmatu, bi parteak gustora xamar gelditzeko.


Isiltasuna dago mementu honetan, badirudi pentsatzeko unea iritsi dela. Hirurak daude buru belarri burua estutzen, arazo honi irtenbide bat bilatzeko.

-- Nik egingo nikeena duk – Artxipik hartu du hitza – behin behineko soluzioa aurkitu. Gero beti izango diagu denbora beste zerbait asmatzeko.
-- Horrela esanda ez zekok gaizki
.- Patxik bota du berea.
-- Zer iruditzen zaik, bilioi bat orain eta gero ikusiko diagu.- Joxe Marik ere.
-- Hi ez haiz eskolara joan, baino kontatzen ederki ikasi duk. Lau bilioi dolar behar dizkiat nik esku artean oraintxe bertan, gero saltzen den haur bakoitzagatik ehundik hogeia.
-- Patxi, hik bakar bakarrik –
Joxe Marik zirikatu nahi du - Vatikanoak baino diru gehiago mugitzen duk. Haur bakoitzagatik ehundik hogeia! Gu martxa honetan eskale joan beharko diagu.
-- Egon ari isilik Jaungoikoaren izenean, ez zegok munduan ezta zeruan ere, hain metro gutxitan, hainbeste bilioi dolar mugitzen duenik!!
-- Beno, bukatzen joan behar diagu. Bost bilioi gaur bertan eta haur bakoitzagatik ehundik hamabia.

-- Hi Artxipi, joan adi bost bilioi horien bila, honek esango dik non dauden. Eta hiri gauza bat esango diat, ez gaituk ibiliko saltsan gai honekin. Hau gai serioa duk, beraz hartu behar dizkiagu erabaki sakonak. Haurrak jaio ondoren, egongo dituk Elizan egun batzuk, horregatik eman behar didak ehundik hogeia. Hori duk tratua.
-- Hirekin alferrik duk. Azkenean ikusten diat diru galtzen bukatu behar dugula. -- Alferrik habil, nik hiri diru kontuan ez diat hitz bat ere sinisten. Beste gauza bat, nik ez diat inoiz onartuko abortu bat, Elizan ezin duk abortorik egin.Kitto!!
-- Horretan lasai egon behar duk.
-- Hara, bazetorrek Artxipi. Horrela ederra duk tratuak egitea. - Patxi pozik dago.

Artxipi bera baino maleta handi batekin sartu da egongelan. Apaizak esan dion lekuan utzi du.

-- Igartzen duk hik ez dekela ohiturik diru asko eramaten, Joxe Mari ez duk batere nekatzen.
-- Hik hobe duk isiltzea, laister Aita Santua ikusiko diagu Txurreroen Enparantzan hiri kredito bat eskatzen.

-- Beno mutilak, pozten nauk zuekin lanean aritzea. Gure Jaungoikoak ere, egun
polita izango dik gaur.
------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : EZIN DA INOR DERRIGORTU EZERTARA