ENPARANTZAN HOGEI GRADO



Barkatu lagun, baina badago zerbait gustatzen ez zaidana. Ea zer den.
Enparantzaren erdian istilu bat dago, ez dakit zuzen zer den. Udaltzainak ari dira norbait atxilotzen, hori iruditzen zait neri behintzat. Hurbildu egingo naiz.
Patrixi da, bera da. Hegal bakarra dauka eta ikusten da garbi, adineko Eulia dela.
Zer ari ote da gertatzen ? Zergatik sartu dira Udaltzainak saltsa honetan.

-- Neri utzi bakean, - Patrixi edozer gauza egiteko prest dago - eskubide osoa daukagu eskatzen duguna eskatzeko.
-- Esan guri zer eskatzen duzun, agian guk ahal dugu konpondu.
-- Alkatea etorri behar du neregana. Berak oso ondo daki zer zor digun Euliei. Hobe du berehala etortzea.

Lehendabiziko meatxua bota du, hau ez baldin bada zuzentzen, etorriko dira besteak eta bihar goizean, milioika eta milioka Euli estaliko dute Enparantza.
Ez zait iruditzen hori gertatuko denik, zeren Komite osoak ondo daki, zer den ilunpetan bizitzea. Bizia gelditu egiten da, biztanle guztiak ikaraz etxean gelditzen dira, turistek alde egiten dute, asko eta asko ordaindu gabe.

-- Zer da, zer gertatzen da Patrixi? – Alkatea presaka etorri da.
-- Betikoa, gure eskubideak ez dituzutela errespetatzen. Guk hogei gradotan bizitzeko eskubidea dugu eta bihartik aurrera horrela biziko gara, bestela Enparantzan ez da egongo bizirik.
-- Noiz lasaituko zara piskat?
-- Hogei grado gaur bertan edo Txurreroen Enparantzaren heriotza. Aukeratu.
-- Hau da hau! Eskerrak hilezkorra naizen bestela nere bihotzak...

Itziarrek etorri behar du, Joxe Marik ez daki hor goien lan egiten. Berak ez daki eta nik ere ez, jende gutxi egongo da munduan dakiena tenperatura aldatzen.
Gainera zazpi grado eta justu justu Enparantzaren zeruan. Utziko dut gai hori, zeren ez dut batere ezagutzen.
Ez zait bizi osoan burutik pasa horrelakorik eta dirudienez Joxe Mariri ere ez. Ez naiz harritzen, daraman bizimodua erotzekoa da. Ikusi besterik ez dago bere aurpegia.
Urrutitik igartzen da oso nekatua dagoela eta gaurko arazoak ez dio atseden handirik emango. Badaezpada Patrixiren ondotik alde egin du.
Badirudi Itziarrekin erdi ezkutuan hitzegin nahi duela.

-- Ez dun zaila izango zazpi grado jaistea?
-- Ez. Ekarriko dizkiat Costa Ricatik hodei batzuk, bereziak dituk. Edukiko diagu egunero lau orduko euria. Horrekin nahikoa izango duk zazpi grado jaisteko.
-- Eta zer egin behar dun hodei horiekin?
-- Astigarraga aldera bidali, sagarrentzat ona duk eguzki piskat

Joxe Mari harrituta dago, bere ustez bizian dena ikusita zeukan, baina ez, gaur ikusiko duena, ikusi gabe zeukan.

-- Nahikoa izango ditun zazpi grado? Ez dun hobea izango bederatzi, horrela dirua seguruagoa egon dun, badakin…
-- Ez motel, papera hogei gradotan ez duk usteltzen. Eta usteltzen baduk, gehiago egingo diagu eta kitto!
-- Ezta pentsatu ere! Horretarako hobe dun tenperatura hemezortzi gradotan jartzea. Giro zegon ba, hire ahizpa eta beste bi egosgor horiekin. Sozialismoa gora eta Sozialismoa behera!
-- Lasai egon adi, ni ziur negok dirua ez dela ustelduko!

Bordako semea Alkatea izango da baina, baserritarretik asko dauka oraindik. Hamaika bira eman behar dizkio buruari, entzuten duena sinisteko.

-- Eta orain zer egin behar dinagu?
-- Ezer ez. Gauean etorriko dituk hodeiak, elkar joko ditek zarata piskat atereaz eta berehala euria hasiko duk.
-- Ederki. Horrela denok kontentu egongo gaitun, Euliak, gu, langileak. Bikain !

Lasaitu da gure gizona, bazen garaia, beti ba du zerbait, hau ez baldin bada, bestea.
Orain Patrixirekin hitzegitea besterik ez da gelditzen.

-- Gaur gauean jaitsiko da hogei gradutara tenperatura
-- Non?- Irri-mirria ere, ondo daki manejatzen Euli zaharrek.
-- Non izango da ba, hemen, Enparantzan
-- Hori egia baldin bada, Euli denak aterako gara kalera. Freskuraren premi larrian gaude.
-- Euria hasi arte egon lasai. Gero poliki poliki ateratzen hasten zarete. Ez dugu istripurik behar.
-- Euria hasten denean aterako gara, eta sartu, gogoa emandakoan.
------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua: EULIEN GARAIPENA