DIRU FALTA


Ohi den bezela, Borda baserriko semeak hartzen du hitza.

-- Egun on denori. Hasiko nauk esaten, Zorionez lehengo eguneko sustoa, horixe izan zela, sustoa bakarrik. Bestela Enparantzan gauzak erdipurdi zijoaztek. Ezin diagu ezkorrak izan, baina oso baikorrak ere ez. Egoera duk dena, ez zegok besterik.

Alkatea isildu denean, bata besteari begira daude Komiteko kideak. Ez da luzerako izango isiltasun hau.
Jexus Mari Rallak berehala eskua altxa du.

-- Joxe Mari, ez duk ezer esan. Ezin diagu baikorrak izan, egoera duk dena, guk zer ulertu behar diagu horrekin ? Hik, Enparantzako Alkate bezela, esan behar duk, dirua badagoen ala ez ? Hori duk, guk entzun nahi duguna.
-- Hik beti egiten didak galdera berdina. Hemen dirua bazegok, ez zegok mundu osoan, hain metro gutxitan, hainbeste milioi dolar, baina hori ez duk kontua. Kontua duk, hilero dirua galtzen dugula, ez dekela sartzen, guk behar adina.
-- Nola ezetz ! Hilezkortasunaren azken egunean-
Esther azkar berotu da -jaso genizkian
berrogei mila miloi dolar. Non zeudek diru horiek ?
-- Hori ez dun dirua Txurreroen Enparantzan. Badakin zenbat diru behar dinagun guk hilero hilero ?
Alkatearen galdera ustegabean hartu du Esther. Pentsatzen dago zer erantzun edo ez erantzun. Beste kide denak gustora entzungo lukete kantitate bat.
Esther isildu egin denez, Alkateak berriro hartzen du hitza.

-- Hauxe duk gure aurrekontua hilero: Ehun ta hamabi mila milioi dolar.
Diru asko da, neu ere harritu egin naiz. Komiteko kideak, batzuk, aho zabalik daude oraindik. Itziar Uzkianok buruarekin ezetz eta ezetz esaten darrai eta beste taldekoak, zeren hemen bi talde daude, ez dute hainbeste harridurarekin hartu.
Harritu edo ez harritu, eztabaida piztu da.

-- Joxe Mari, posible duk piskat zehaztu- Luis Mari Rallaren txanda da- non joaten deken diru pila hori ?
-- Non joaten..., esnearen fakturan adibidez. Holandatik esnea ekartzea oso garestia duk. Martini bezela, Italiatik ekartzen diagu, Frantziatik Moet Chandon ekartzen diagu eta ez duk batere Txanpain merkea eta guk hemen hortzak garbizeko erabiltzen diagu. Beno, baita ere edateko eta dutxatzeko. Gero bazeudek beste kontu batzuk..., soldatak handiak dituk, non irabazten dik langile batek, hogeita bi mila dolar ?

Galdera hori inork ez du erantzun, baina bilera jarraitzen du eta badago norbait zerbait galdetzeko edo zerbait esateko gogoarekin. Jexus Mari Atorrasagasti da.

-- Ez baldin baduk nahikoa sartzen, metatik ari gaituk dirua hartzen. Ez al duk hobea, esnea beste nonbaitetik ekartzea edo txanpain merkeagoa erostea ?
-- Esnea derrigor izan behar dik Holandakoa, hor ez zegok ezer egiterik, bestea esan dekena, Txanpaina merkeagoa erostea...,zer bukatu behar diagu, pitarra edaten ?

Jexus Mari Mirasungoa erabat harrituta gelditu da erantzun horrekin.

-- Txanpain Frantsesetik pitarrara, bazegok tarte ederra! Ez duk adarrik jo behar.
-- Bai, bazegok tartea, ez diat adarrik jo nahi. Dena den, hori ez duk garrantzitsua, hemen garrantzitsuena duk hilero hilero, diru mordoa sartzea.
Bapatean hiru edo lau esku altxa dira batera, denak dakigu zer galdera datorren orain.
-------------------------------------------------------------------------------------------------