DIRUDUNAK BADATOZTE BERRIRO ENPARANTZARA



HAMAHIRUGARREN ATALAREN HASIERA
-------------------------------------------------------------------------------------------------
Ikaragarria benetan! Ze egun pasa genuen. Nahiz eta ahaztutzea askoz hobea izan, ezin da horrelako eredu txar bat aipamenik gabe utzi.
Beste gauza askoren artean, zaurituak egon zirelako. Komiteko kide batek porrarekin lehioa hautsi zuenean, balkoi azpian zeuden pertsonak oso une larriak bizi izan zituzten.
A zer beldurra, bapatean hainbeste kristal puska buru gainera erortzea ¡
Eta hori ez da txarrena, txarrena da Mundu osora zabaldu dela Enparantzan gertatutakoa.
Adibidez Argentinako egunkari batean azaldu da, Txurreroen Enparantzan azkeneko bileran oso haserre bukatu zutela, Kuban esan dute Alkatea zauritu egin zutela, Chinan oraindik okerrago, telebistan bota zuten hemengo irudiak eta hori bai dela susmagarria.
Inork ez daki nola lortu duen Chinako Telebistak hemen sartzea! Ba seguraski ez dira isilka gehiago sartuko, Komiteak agindu du, harresia beste bi metrotan zabaltzea.
Gero eta neurri handiagoak hartzen ari dira eta hala ere, arazoak. La Hayako Epaitegiak,
gertakari hori dela eta ez dela, berriro mehatxatu du Enparantza; Alkateak jakina, Patrixiri deitu dio eta harrobi handian daude munduko Euli denak.
Dena den, Holandatik etorri den mehatxua indar gutxi du, Estatu Batuak sartu dira tartean eta zergatik? Datorren astean datoztelako hango dirudun handienak, hemengo haurrak erostera.
Dirudunak bake zaleak dira, ez dute inongo arazorik nahi, egun eder bat pasatzea etorriko dira eta pozik itzuliko dira, bere haurra eskuetan duela.
Egun handia izango da hori ere, garai batean Hilezkortasunaren eguna zen bezela, ze garaiak haiek!
Zenbat jende etortzen zen eta zenbat diru gelditzen zen Enparantzan, ba ziren egunak seirehun mila milioi dólar gelditzen zirenak. Orduan oraindik, gizartean ba zeuden pertsonak, dirudunak, batzuk behintzat, ba zuten kontzientzi piskat, orain dena galdu da eta hemengo izarra Starlux, langabezian dago.
Gaur ez daukat denborarik astoari buruz mintzatzeko, Enparantza lanpetuta dago, datorren egun magikoa prestatzen, Komiteak ez du zehaztasun txikiena ahaztu nahi. Adibidez Lau Haizeta goitik behera garbitu dute, gela bakoitza banan bana, kanpoko paretak txuriz margotu dituzte, orain oso itxura polita dauka. Hotel berria bukatua dago, baina ezin da esan prest dagoenik oraindik.
Ezin da sinistu ze lan egin duten Alemanak, sinestezina benetan.
Hiru mila metroko Hotela da. Ze pasada!
Ederra, oso ederra da, material berri berria, azkeneko aurrerakuntzekin egina. Nik akats bakarra ikusten diot Hotelari, egunen batean Komiteak jartzen baldin ba du martxan, Belarrietako Aireportua, hegazkinak derrigor etorri beharko dute, Errenteritik edo bestela Astigarragatik, itsasotik ezingo da sartu.
Beno lagun ,ez nuen pentsatzen zuri ezer esatea….Enparantza, batez ere Ezeiza auzoan zikina dago, oso zikina ere bai, Alemanak joan direnetik ez dago disziplinarik, Komitea buru belarri sartuta dago Ekologi Berrian eta txikikeritan ez da sartzen.
Pentsatzen dut azken momentuan, gehienetan horrela izaten da, egongo dela erreakzio bat eta dena utziko dutela garbi garbia.
Bestela ez dakit zer esan, zeren hemen gauza asko entzuten dira eta denak ezberdinak.
Adibidez zenbat haur jarriko dira saltzen? Beste adibide bat eta hau bai dela eztabaidagarria, zenbat diru ordainduko beharko dute haur bakoitzengatik?
Anaiak tabernan entzuten diren zenbakiak astronomikoak dira eta ez hori bakarrik, onartezinak ere bai.
“ Mutilak balioko dute neskak baino gehiago.”
Sozialismo Aberatsa berezia da, baina oraingo honetan uzten dut bereziegia dela, hori ezin da onartu inongo Sozialismoan.
Bertako biztanleen artean ba daude ezberdintasunak gai horretan, batzuk ados daude Alkatearekin, esaten dute aberastasuna sozializatzeko, lehendabizi lortu egin behar dela. Beste batzuk ez dakit zer pentsatzen duten, ez dakit pentsatzen ote duten ere, errezagoa baita ezertan ez sartzea, batez ere hemen, daukaten bizi kalitatearekin.
Batzutan kritikoa naiz biztanleen jarrerarekin eta ondo pentsatu ezkero, arrazoi dezente daukate, zeren beraiek ez dute aukera txikiena Hilezkortasuna lortzeko.
Hori injustoa da, Enparantzako langileak eduki beharko luteke Hilezkortasuna lortzeko eskubidea. Horregatik ez nago erabat ados Sozialismo Aberatsekin.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengo kapitulua : ALKATEA HEGAN DABIL